San Rokeren mitoa eta gaupasa
San Rokeren prozesio-tradizioa Debak harresiak zituen garaikoa da (2). Izurria zetorrela-eta harresiak itxi zituzten, baina Artzabal auzokoak aparte geratu ziren, etxeak hiribildutik kanpo zituztenez. Hartara, San Rokeri egin zioten babesteko erregua, baita promesa ere, bizirik ateraz gero urtero eramango zutela haren irudia, prozesioan, Itziarrera bidean santuak zuen (eta duen) ermitaraino.
Promesa eta prozesio horien parte da urtero egin ohi den ezpata-dantza, hiribilduko bizilagunen eta euren inguruko auzotarren arteko lotura gogorarazten duen erritoa. Beste modu batez esanda, ezpata-dantza da San Roke eta Deba elkarrekin lotzen dituen mitoaren adierazgarririk nabarmenenetakoa.
Debako gaupasak, ordea, izenez behintzat, 60 urte eskas baino ez ditu. Ez dakit nik debarrek beste moduren batez esaten ote zioten gau osoa jai-giroan eta etxeratzeke pasatzeari, baina eibartarrok behintzat “enpalmau” deitzen genion bezpera eta egunsentia elkarrekin gautxoritan lotzeari (3).
Gaur egun guztiz euskaldun jator eta peto-petotzat jotzen den hitza da “gaupasa”, baina ez da ordea inongo hiztegitan agertzen 1980ko hamarkada arte. Plazido Mujikak ez zuen aipatu ere egin bere 1965eko hitztegitzarrean, baina bai ordea jaso 1981eko bilduman. Hain zuzen ere, Ibon Sasasolaren Euskal Hiztegiak (2007) 1967an kokatzen du “gaupasa” adieraren lehen aipamen idatzia.
Asko esatea bada ere, apostua egitekotan, nik postura egingo nuke baietz 500 urte barru ere San Rokeren magiak (4) indarrean jarraituko, eta zalantza handiak ditut gaupasetako egungo zaratak eta abarrak belaunaldiz belaunaldi iraungo ote duen.
---oo0oo---
1) Ikaragarri luze eta aspergarria egin zitzaidan, baina ez nuen non lo egin. Ordurako erdi neska-laguna nuen, baina zintzo-zintzo bere etxera joan zen. Eta ni ez naiz sekula “edataillea” izan.
2) Debako sanrokeetan: prozesioa eta dantza… eta, jatorrian, izurria. Labayru. Emilio Xabier Dueñas.
3) 1970eko hamarkadaren hasiera-hasieran, pare bat aldiz joan ginen emaztea eta biok hainbat bikoterekin Iruñeko Sanferminetara. Bezperan joan eta entzierro ostean itzuli. Eta ez dut uste "gaupasa" hitza batere erabilia zenik.
4) San Roke dantza: majia eta erlijioa. Dantzan.
- Gure-ekai taldea San Roke ezpata-dantza egiten.