Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Demokraziaren eskuzabaltasuna goresteko

Demokraziaren eskuzabaltasuna goresteko

Amatiño 2010/04/22 22:36
Juan Antonio Samaranch hil da, bai, eta komunikabideei jaramonik eginez gero badirudi orain dela 30 urte jaio zela mundura, Nazioarteko Olimpiar Batzordearen lehendakari izendatu zutenean edo. Baina ordurako, Samaranch jaunak 60 urte zituen eta frankismoaren baitango ibilbide luze bezain nabarmenetik zetorren.

Samaranch 1920an jaio zen Bartzelonan. Falange zale ezezik bazkide ere, Bartzelona bertako kirol-zinegotzi izan zen, ondoren “Delegado Nacional de Educación Física y Deportes” (oraingo Estatu-idazkariaren pareko) eta, azkenik, hiru legealditan diktaduraren Espainiar Gorteetan prokuradore (diputatu), 1977an hauteskundeen ondoko lehen Kongresoa indarrean jarri arte. Baita Bartzelonako azken  Diputazio ez demokratikoaren lehendakaria ere.

Gero etorri zen etorri zena, demokrazia eta hausturarik eza alegia, eta, seguraski, Juan Antonio Samaranch jaunak kirol olinpiarraren mesedetan egindako lana guztiz eskerga izango da sekulakotz. Baina, edozein modutan, ukatu ere nekez ukatu ahal izango du inork demokraziak eskuzabal jokatu zuena azken-azken uneraino  frankismoarekin otsein portatu izan zen falangista peto-petoarekin.

Seguru gero hala izan behar zuela baina, hain zuzen ere, hala izan behar omen zuelako ez dago orain ez isildu eta ez ezkutatu beharrik. Eta ez Samaranch astintzeko,  demokraziaren eskuzabaltasuna goresteko baino.

                                                     Samaranch

                                                   Zutik, Carrero Blanco, Franco eta Solís

                       samaranchfacistsalute

                                                              1974ko uztailaren 18an.

Oharra:

Marka kirol-egunkariak “Muere el papa del deporte” izenburupeko ale berezia eskaini du gaurkoan Juan Antonio Samaranch zenaren  gorazarrez. Beste hainbat kazetariren artean, lankide izan nuen ni baino gazteagoak zera dio, hitzez hitz, 1992an Bartzelonan izan ziren Olinpiar Jokoen arrakastaz: “Lo mismo sucedió en el deporte, un erial durante el franquismo y ahora protagonista de éxitos insospechados. Sin Samaranch al frente del COI, aquella aventura inolvidable no habría sido posible”.

Auskalo zer ulertu behar ote dugun: Samaranch-ik gabe ez zela 1992an Olinpiar Jokorik Bartzelonan eratuko (kiratsa dario) edota espainiar kirolarien arrakasta Nazioarteko Olinpiar Batzordearen lehendakariari zor ote zaion. Zer gerta ere, gure kazetariak nonbait ez dakiena zera da: frankismoaren “otalurraren” (kirol-basamortuaren) arduradunik nagusienetakoa Samaranch bera izan zela hainbat urtez.

 

 

Iñaki Murua
Iñaki Murua dio:
2010/04/23 16:12

Zentzuzko ekarpena, benetan. Sarri, amnesiak jota bizi garela ematen du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: