Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sakarinak minbizia sor dezake…

Sakarinak minbizia sor dezake…

Amatiño 2012/07/11 16:50
Sakarina gozagarriak minbizia eragiten (omen) du. Holaxe, batere ñabardura eta erdipurdikorik gabe, frogatu zuten orain hogeita hamabost urte inguru Estatu Batuetan egindako ikerketek. Laborategi-arratoiei egunero eman zitzaien, hainbat hilabetetan, euren pisuaren %5 besteko sakarina eta dezente askori minbizi-tumoreak hazi zitzaizkionez maskurian... Horra, zientzia hutsa, enpirismo nabarmena.

Kontua da, ordea, gutako edonork norberaren pisuaren %5 besteko sakarina egunero hartuko balu benetan gaixorik amaituko lukeela, larri-larri gainera. Ondorioz, IARC (Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentzia) erakundeak zentzu handiz erabaki zuen egunero hiruzpalau kilo sakarina hartzea kaltegarri samarra izan daitekeela.

Egia ere bada inork ez duela orain arte frogatu ahal izan sakarinak minbizirik sortzen ez duenik… behar bada ezein laborategik ez duelako oraindik horrenbeste sakarina jateko gertu legokeen giza-akuririk aurkitu. Inork nahi izango balu… bere burua eskaini besterik ez du.

Esan gabe doa sakarinaren kalteak frogatzeko abian jarritako ikerketak ez zirela egin kontsumitzaileren bat edo beste gaixotu zelako, azukre-biltegiek salmenten murrizketa sumatu zutelako baino. Zientzia hutsa, enpirismo nabarmena. Baina, tira, berrogei urte geroago ere ez da zalantza erabat saihestu.

Sakarina gozagarria 1879 urtean izan zen lehen aldiz sintetizatua, ikatzetik eratorria, Baltimoreko John Hopkins Unibertsitatean. Egun toluenotik ateratzen da, petroliotik jakina, parazetamola bezalaxe. Petrolioak, txerria bailitzan, denerako ematen baitu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: