Rhin ibaiko bidegorria eta Loreley
Beti joateko, beti joateko, eta, behar bada, azkenetako aukera izango zelakoan-edo, horra non abiatu ginen aitona-amona taldea, bizikleta-gainean. Ez diot egiari zorrik izango esaten baldin badut atera ginen guztiok heldu ginela elkarrekin eta aldi berean, lar nekerik gabe eta harro samar.
Rhin ibaiaren bidegorria da luzea, ederra, polita, egokia, erosoa zein aproposa, eta nahi beste kalifikatzaile on ezar dakioke. Baina, edozein balioren gainetik, Rhingo bidegorria erabat estrukturala da. Ibaialde guztia dago txirrindu-erabilpenaren inguruan moldatua eta egokitua, alegia: turismoa, hirigintza, trafikoa, ferryak, ostatuak, jatetxeak, zerbitzuak, dendak eta, zer gerta ere, bertako biztanleen onespena eta jarrera abegikorra.
Loreley
San Goar aurrean dago Loreley “laminaren” mehargunea, non ur-korronteak, pasatu beharraren beharrez, abiada eta indarra areagotzen dituen eta arriskua gehitu.
Istorio zaharrek diotenez, pasarte honetan ontziak sarri hondoratzen omen ziren baina ez, behar bada, korrontearen arriskuaz soilik, Loreley laminaren dei liluragarriei jaramon egin eta txoratzeagatik baino.
1960ko hamarkadan Loreley izeneko lehen kafetegi “modernoa” ireki zen Bergaran eta, hornidura gisa, sekulako mosaiko galantaz jantzi zuten, hormarik horma. Sasoi hartan, askotxo izan ginen uste izan genuenok --norberak pentsatu, norberak esan eta norberak sinestu- Loreley euskal izena zela.
Geroztik, kafetegia itxi zen, baita ondorengo denda ere, hormak botatzeko teselak askatu ziren banan-banan eta, 17 urtez udal-biltegian gordeta egon ondoren, orain dela bi urteko Gabonetan erantsi zen hormairudia (6X3 m.) Seminarixoko sarreran, eta bertan dirau edonork ikusteko moduan.
Mainz-Kolonia, 200 km. inguru bidegorritik atera gabe, turismorik egiteko irten beharra bada ere, ezin bestean
Boppard inguruan, ia etengabeko bihurgunea. Bueltan-bueltan, errepidea, trenbide bikoitza eta bidegorria
Koblenzen (latinez, konfluentzia), ezker-eskuinez Rhina eta, goitik behera, Mosela
Paisaia tipikoa Bad Breisingen: ibaia, bidegorria eta etxe-ilara. Anker hotelean lo egin genuen, baina ez zen batere ankerra
Hurrengoan gehiago eta hobeto. Baina... izango al da gehiagorik?