Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Purismo erremanentearen salaketa eta erlatibo anaforikoaren aldarrikapena

Purismo erremanentearen salaketa eta erlatibo anaforikoaren aldarrikapena

Amatiño 2025/08/05 10:20
Kepa Altonagari uka dakioke arrazoia, baina ezin izango dio inork esan ulertzen ez zaionik. Ironia eta haserre-puntu eta guzti, idazkera bizkor eta artezaz berrehun orrialde eskaintzen ditu “purismo erremanentea” salatzeko eta “erlatibo anaforikoa” aldarrikatzeko. Ez gehiago eta ez gutxiago. Patrizioei zuzendutako liburua (1), nonbait.

Erretorikoa edo ez, Kepa Altonagaren galdera nagusia zera da: zer da gertatu zena, Axularren sasoiko ia bat-bateko loraldiaren ondoren euskal literaturak behera egin zezan hain modu tristean, produkzioaz zein kalitateaz? Nola izan daiteke Bernat Etxepare eta Joanes Leizarragaren tradizioa besterik ez zuen Axularrek hain maila gorena lortzea eta, aldiz, haren ondoko Sarako Eskolak sekulako debaklea bizi izatea?

Arrazoirik nagusiena, antza, XVII. eta XVIII. mendeetan Iparraldean gertatu zen egoera diglosikoaren aldaketa izan zen. Alegia, euskarak latinarekin lehiatu beharretik frantsesarekin grinatu behar izaterainoko jauzia, zeinak erakarri zuen lehenik euskal irakurleen maila jaistea eta, ondotik, euskararekiko proiekzio kulturalik eza, Iparraldean nahiz Hegoaldean, Garibai eta Etxaberekin (2) hasi, Azkoitiko Zalduntxoekin jarraitu eta, Luis Luziano Bonaparte tarteko, Jose Migel Barandiaranen zein Plazido Muxikaren antieboluzionismoraino.

Aldi berean, Hegoaldean batez ere, Larramendirengandik aitzina euskararen munduak --Oñako euskal akademiaren (Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia, Orixe…) lekukotzaz-- XX. mende arte bizi izan duen  purismoaren tirania eta, ia hirurehun urte geroago, Mitxelena eta Villasante (3) kontra izan arren, geldiarazi ezin izan omen den garbizalekeriaren  olatua. Altonagaren ustez, “purismo erremanenteak azaltzen bide digu egungo hiztegien purismo amorragarria, zeinak oharkabean iraganera estuki kateatuta baikauzka, preso nahi gabe” (4)

Purismo lexikoa ez ezik, baita sintaktikoa ere; eta, bigarren arlo honetan, Seber Altubek (5) esan lezakeenaren gainetik, duela hamar urteko enfasi berberaz (6) aldarrikatzen du Altonagak erlatibo anaforikoen prosa-moldea, XVI, XVII, XVIII eta XIX. mendeetako euskal klasiko guztiek erabili izan zituzten moduen kariaz.

Altonagaren hitzetan, “Axularrek eta gure klasikoek orok prosa europar homologagarriaren uberan bideratu zuten euskararen tradizio idatzia”. Korolario gisa, euskal prosak behar omen du, batetik, nazioarteko prosa komunetik hurbil egongo diren moldeak landu; eta, bestetik, "purismo erremanentearen kontra immunizatu".  Guztia, gainera, larrialdiaren deiadarrak jota, geroko gerotan geratzeke. 

Segurutik horrela da. Baina, izatekotan, eta egitekotan, nago ez ote den, gehienbat, plebeioek baino patrizioek egin beharreko lana.

---oo0oo---

1) Patrizioak eta plebeioak. Kepa Altonaga, 2024.

2 Burlatzen naiz Garibaiez, bai halaber Etxabez... Joan Klaberia, XVII. mendean

3) Euskeraren auziaz, 1988.

4) Kontua da, ordea,  nork jarriko ote dion katuari kaskabiloa. Altonagak berak idatzia da 2005 urtean "Adostutako eredu baten bila (edo amaigabeko eztabaida aspergarria gainditu guran)".  Adierazten ari garen azken liburu honetan Altonagak berak, besteak beste, "purismoaren inpronta filial indeleblea" aipatzen du. Bere hautu lexikalaren laginetakoa da. Baina aukera bakarra ote? 

5) Perpausen hurrenkeraz, Seber Altube (Erderismos, 1930) zurrun-zurruna izan arren, ez bide zen lexikoaz bere garaikideak bezain garbizalea, goi-jakintzei dagozkien hitzak latinetik eta grekotik hartu behar direlakoan.

6) Back to Leizarraga, 2015.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: