Hirugarren adina eta kuantika
Laurogei urtetik gora ditugunok gizarte analogikoan heziak izan ginen. Sistema digitaletan lanean hasi ginenerako 40 urte genituen, lehen emaila bidali ahal izan genuenerako 55, eta, kostata bada ere, gaur egun edonork du ordenagailu, tablet edo smartphonen bat. Bestela ezin izango genuke egungo gizartean parte hartu. Orain, berriz, kuantika aipatzen da behin eta berriz. Ez dakigu zer den, baina badakigu etorkizuna kuantikoa izango dela.
Hala ere, zorioneko, konputazio kuantikoak azken mende erdian konputazio informatikoak ezagutu duen antzerako bidea jorratu behar izango al du? Kuantika informatikaren pare gizarteratuko ote? Kuantikaz ere ikasi behar izango al dugu jokoz kanpo gera ez gaitezen? Labur esanda, adibide gisa baino es, KZgune kuantikoak behar izango al dira?
Erantzuna ezezkoa besterik ez da, jakina. Jubilatuek behintzat ez dugu kuantikaz ikasi beharrik izango eta jubilatuak ez diren gehienek ere… ezer gutxi. Alegia, analogikotik digitalera “denok” pasatu behar izan genuen arren, kuantikak “gu gabe” egingo du bere bidea.
Nahiz informatika klasikoa digitalizazioaren iraultza soziala izan, konputazio kuantikoa, ostera, adimen eta ezagutza iraultza zientifiko-teknologikoa izango da. Informatikak begi bistako ordenagailu, telefono mugikor, tablet eta bestelako eguneroko tresnak erakarri dizkigu eta sekulako aldaketa pertsonal eta kolektiboa eragin. Kuantikak ere mundua aldatuko du, baina ez da gure pantailetan sumatuko, ikusi ere ikusiko ez ditugun azpiegitura sakonetan baino.
Hau da, ez dugu etxean, bulegoan edo soinean ordenagailu kuantikorik izango baina gure aplikazioek edo web-zerbitzuek kuantikaren ahalmenak baliatuko dituzte. Eszena berria ez da jendaurreko taula gainean antzeztuko, bastidore arteko azpiegitura ezkutuetan baino: segurtasunean, medikuntza eta material berrien ikerketan, adimen artifizialaren hobekuntzan eta logistika zein aurreikuspen sistemetan.
Praktikan, konputazio kuantikoak informatikaren iraultza osatuko du, ez ordezkatu. Ez dugu gailu berririk erosi beharrik izango, baina gauzek hobeto eta azkarrago funtzionatzen dutela sumatuko dugu. Kuantikaren iraultza ez da ikusiko, baina bai, ordea, nabarituko.
