Profesionaltasuna
Zenbaitek –arrazoiz— galde dezake zelan arraio, zer dela-eta, izan daitekeen bereziki aipagarria sinfonia kontzertu bateko kontatzailea, orkestraren, zuzendariaren, abesbatzaren edo bakarlarien aurretik, baina zilegi bekit hamar lerrotan Nikolai Burov aurkezten ahalegintzea.
Nikolay Burov (Leningrade, 1953), jaioterriko Antzerki, Musika eta Zinematografia Institutuan lizentziatua, Pushkin Errusiar Atzerki Akademian lan egiten hasi zen 25 urte zituela. Zazpi urte geroago Errusiar Federazioko Ohorezko Artista izendatu zuten. Ondoren, Leningradeko Gobernu-diputatua eta Udal Kontseilu-diputatua izan zen. San Petersburgoko Antzerki Batasunaren lehendakaria, 2001etik 2006ra, eta Errusiar Federazioko Antzerki Batasunaren idazkaria. 2005ean, berriz, San Petersburgoko Kultura Batzordearen lehendakari. 2008an North-West Institutuan graduatu zen eta Merkataritza Administrazioan eta Funtsezko ikasketen Nazioarteko Unibertsitateko irakasle da. 2008an San Isaac Katedraleko Museoaren (lau museo biltzen ditu bere baitan) zuzendari izendatu zuten. Gaur egun, San Peterburgoko Kontseilu Publikoaren lehendakaria da, hiriburuko Gobernadorearen aholkularia eta bertako bi unibertsitateren irakasle.
Auskalo, baina atera kontuak ze maila izan dezakeen currikulum honetako profesionala kontalaritzat kontratatzen duen musika-antolakuntzak.
Eta hau guztia, ordu eta erdi eskas errusieraz aritzeko, errusieraz tutik ere ulertzen ez duen entzuleriaren aurrean.+
Nikolay Burov