Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Potintxo hutsal eta ilaunak, itsaso zabalean.

Potintxo hutsal eta ilaunak, itsaso zabalean.

Amatiño 2021/06/21 10:45
Aski da txakolina esku batean eta sekulako itsasontzi garraiolari galanta bestean, munduko trafikoaren baitan zein txikiak garen konturatzeko. Zein potin txikerrak, itsaso zabalean.

Aurreko astean*, Pasaiako Muguruzanean jilda pare bat jate aldera txakolin batzuk jotzen  ari ginela, horra non, aldi bertsuan pasatu zen taberna aurretik Autosky itsasontzi ‘carrier’ garaua. Besteak beste, Zaragozan zein Iruñean fabrikatzen diren autoak Europako hainbat portutara garraiatu ohi dituzten horietakoa. Beheko karena gorria begi-bistan, ezin nabarmenago, merkantzia bila, hutsik zetorrela.

Ez ninduen batere harritu horrelako itsas-erraldoiarekin aurrez aurre topo egiteak --ez baita batere ezohikoa Pasai San Pedro eta Donibaneren arteko bokalean zeharreko joanetorria-- baina bai, ordea, lagunarteko batek Interneten sartu, “Autosky” idatzi eta eman zigun datu-pilak.

Ez, soilik, itsasontziaren zertzelada tekniko guztiak, baita unean uneko nondik norako kokapena (hiru minuturo eguneratzen da) eta bidaien ibilbide-orria zein egutegi zehatza ere. Eta, gehiago nahi izanez gero, mundu zabaleko zenbait trafiko-mapa, bestelako itsasontzien informazioa, portuak, galeria, edozenbat albiste eta hamaika zerbitzu.

Handi samarrak garelakoan...  Aski da txakolina esku batean eta sekulako itsasontzi garraiolari galanta bestean, munduko trafikoaren baitan zein txikiak garen konturatzeko. Zein potintxo hutsal eta ilaunak garen, ia mugarik gabeko itsaso zabalean.

* Itsasontziaren beraren ordutegiaren arabera, Jun 17, 19:46

Autosky
'Autosky' itsas-garraiolari galanta, Pasaian barrena sartzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: