Petrarcaren mendia
Mont Ventoux (1909 m.), “Proventzako erraldoia”, mendaterik erakargarrienetakoa da makinatxo bat txirrinduzalerentzat. Ez da urte guztian zehar egunik txirrindulariren bat do beste bertaraino igotzen ahalegintzen ez denik. Amateurrek bizpahiru ordu behar izaten dituzte behetik gorako 22 kilometroak (batez beste %7,6ko aldatsa) burutzeko. Profesionalek, berriz, 60-90 minutu. Errekorra Iban Mayo igorreztarrak du, erlojupekoan igo zuenetik (Dauphiné Liberé, 2004) 55 minutu eta 51 segundotan.
Hirurogei urtetik gorakook gogoan dugu bertan hil zela Tom Simpson ingeles txirrindularia, 1967ko Tourrean, igo ezinaren ezinez, alkoholez lepo eta anfetaminaz josita. Haren omenezko oroitarriak tontorrean dirau orduandik, fikziorik patetikoenaren lekuko.
Ventoux mendi gailurrera igotzeko hiru lekutatik abiatu daiteke baina ezagunena eta ohikoena Bédoin herrian barrena da. Hiri txiki eta aparta gero Bédoin, non bizikletak nabarmen diren nagusi eta jendea kalez kale dabilen txirrindulari jantzita, dendarik denda pasieran, terrazatan kafea hartzen edo jatetxetan bazkaltzen.
Baina, jakina, ikuskizunaz jabetu nahi duenak behar du autoa goizerdian hartu eta, astiro-astiro, errepidean zehar gorantza abiatu: sinetsi ezin besteko txirrindulariak etenbako errenkadan, banaka zein taldetxoka, nor bere martxan, ibileran, joeran… ahalean edo ezinean. Emakumeak ere, dezente asko gero.
Zer pentsatuko ote luke Petrarca humanistak bururik altxatuko balu!
Bédoinetik ekialderantzako bidea da zailena eta ezagunena
Ez da elurra, kareharrizko basamortua baino