Paul Urkijoren mundu fantastikoaren fantasia
Paul Urkijoren Gaua ere sailkapen horretan sartzen da. Gustuko ez izanak ez du esangura erdipurdikoa denik, sarigarri izateak nahitaez gustagarri izan behar ez duen bezalaxe. Transilvaniako sorginak eta mitoak balira, ni ez nintzateke sekula Gaua ikusten jarriko, ezta hemen aipatzen hasiko ere, baina, “bagara ala ez gara?” Karmelek Txomini (2) ohearen epelean galdetu zion moduan.
Errealitatea fikzioa baino anitzagoa delakoan, sorgin-kontuak, munstroak eta mitologiazko fantasiak, errealitatea ulertzeko adinik (3) ez dutenentzako adibideak baino ez dira funtsean, eta, erraz asko, beti ere “onen eta txarren” arteko istorio arriskutsu samarrak bilakatu izaten dira, sasi-ulergarritasunaren morrontzan. Orobat, Gaua filmak badu XVII. mendeko jokamoldeak XXI.eko irizpideen arabera adierazteko ajea. Aje gaindigaitza, behar bada, baina ajea.
Hortik aurrera, Paul Urkijok txikitatik gustuko izan duena egiten du, maisuki egin ere, beste inork egiten ez duena, hain zuzen: izaki mitikoak zein munstroak marraztu eta irudikatu. XVII. mendeko sorgin-munduaren giroa azaltzen gogotik asmatzen du, teknikaz eta atrezzoz behinik behin, espirituz eztabaidagarriagoa suertatzen den arren.
Dena da kaos txikia eta gehiegikeria handia, hiperbole hutsa. Paradoxa bada ere, Kattalinek eta Maritxuk elkar maite izana da filmaren ardatzik nagusienetakoa eta, hain zuzen, adiskide bien arteko amodio-jokoa da sekuentziarik benetakoena (4). Hartara, zer premia dago ehundaka lagun hegaka jarri eta umekerietan aritzeko?
Galanta, xehetasunik txikerreneraino, eszenografia. Berriketa gabekoa, Gorka Gomezen argazki-lana eta ederra, Maite Arroitajauregi eta Aránzazu Callejaren musika. Filma gogotik saiatu da duela laurehun urte Sara, Ainhoa eta Urdazubi (5) arteko ingurumarian mintza zitekeen euskara-mota sinesgarria jasotzen.
Aparta munstroak, fantasia eta euskal mitologia gogoko dituztenentzat. Ez dut, ordea, inondik ere uste terrore-filma denik eta susmoa dut publiko kanpolarrosaren batek ez ote duen euskal exotismoaren lekukotzat laudatuko.
---ooOoo---
1) Gauza bat da norbera zale ez izatea, eta beste bat egin behar denik ukatzea. HABEKO MIK, 1982-1991.
2) "Karmele". Asier Altuna, 2025.
3) Adina ez da soilik urtetan neurtzen.
4) Nik amets dut noiz Paul Urkijok proposamen historiko errealistagoren bat egingo.
5) Axularren euskara, hain zuzen.
