Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Patri Urkizu, süjet maitagarri eta maitatua

Patri Urkizu, süjet maitagarri eta maitatua

Amatiño 2023/11/29 14:05
'Lagunartean' egindako ekitaldiak ezin nabarmenago gogorarazi digu zein gizaki maitagarri eta maitatua den Patri Urkizu. Baita Patrik bere burua maitatua sentitu izana erakutsi ere. Alegia, badakiela maitatua dena. Besteak beste, edonork lor dezakeen altxorrik handiena.

Literaktum programaren baitan, Mari Jose Olaziregi eta Aizpea Goenaga bikote paregabearen eskutik, Victoria Eugeniako Club areto estu-mestuak 125 lagun inguru bildu zituen, Patri Urkizu irakasle, ikertzaile, idazle, aditu eta langile amorratua lagunartean omentzeko, esker ona adierazteko eta gogotik maite dutela aitortzeko.

Ez da gero batere samurra ordu pare batean Patri Urkizu bezalako egile eta eragile jori, naro eta oparoaren emaria laburbiltzea eta, aldi berean, ia hogeiren bat lekukori hitz-txanda ematea,  baina Mari Jose Olaziregiren hari-matazak (ordu askotxoko lana) asmatu zuen berez hedatsu suerta zitekeena luze gerta ez zedin.

Ramon Saizarbitoria eleberrigilearen ironia zorrotzetik Pilar Ruiz-Va filologia-irakaslearen zotin hunkituetara, Jon Casenave doktorearen lirismoan barrena, sekulako aukera-sorta anitza eskaini zitzaigun, Patriren Lezotik mundurako txango aspergaitzaz jabetzeko, Bordele eta Madrilgo esperientziak tarteko.

Ez ziren falta izan Iñaki Salvador, Antton Valverde eta Joseba Etxegoienen piano, kantu eta txisturik; ez eta Idoia Gereñu eta Arantzazu Fernandezen antzerki-oihartzunik ere, pastoralen erritmoa ezin aproposago oroitaraziz, ez baitzen alferrik aurrez aurre Patri bera, oles egin beharreko süjeta.

Hain zuzen ere, azken pheredikia egitea omenduari berari egokitu zitzaion, ezin bestez. Patrik ez du behar bada bolada honetan pasarterik osasuntsuena bizi, baina ikaragarri azaldu zituen berriketa gabeko indarra, adorea eta kemena, ahoskeran, keinuetan zein adieretan. Maisua maisu, errotik maisu, hori bai kuraia.

Maite zaitugu.

---ooOoo---

LAGUNARTEAN

Zuzendariak: Mari Jose Olaziregi eta Aizpea Goenaga.

Gidoia: Mari Jose Olaziregi.

Musikariak: Iñaki Salvador (pianoa), Antton Valverde (kantu eta pianoa) eta Joseba Etxegoien (txistua).

Hizlari gonbidatuak: Ramon Saizarbitortia, Aurelia Arkotxa, Jon Casenave, Joxerra Gartzia, Gregorio Monreal, Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), Idoia Gereñu eta Arantzazu Fernandez.

UNEDetik: Pilar Ruiz-Va, Julia Butiña, Jenaro Costas, Jesús Prieto eta Manuel Rubén Chacón.

.

Patri Urkizu Lagunartean
Literaktum, 2023. Jon Cazenave, Joseba Etxegoien, Antton Valverde, Iñaki Salvador, Mari Jose Olaziregi, Patri Urkizu, Aizpea Goenaga eta Malen Urkizu (biloba).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: