Pallars Sobirà, paradisu ezezaguna baina ez, horratik, galdua
Hizkuntzaz, ikertzaileek antzinako euskara zaharraren aztarrenak sumatzen dituztelako dirauen toponimian. Eta, historiaz, Alfontso I. Nafarrokoak, Aragoi eta Iruñeko errege (1104-1134) zelarik aitortu baitzuen (1131 urtean) bere erreinua hedatzen zela “desde Belorado hasta Pallars y desde Bayona hasta Monreal” (Teruel). Antza, kristautze-prozesuak erakarri zuen ingurumariaren latineratzea eta, okzitaniaren, aragoieraren eta katalanaren lehen urratsak han-hemenka barreiatu.
Mila urte geroago, Lleida probintziaren barrutian, Pallars Sobirà (Pallars Goiena) eskualdeak 1.378 km. koadro ditu luze-zabalez, eta 7322 biztanle. Hau da, Debagoiena, Debabarrena, Durangaldea, Lea-Artibai eta Urola eskualdeak elkarrekin bezainbat, nahiz guztira Ondarroak baino hiritar gutxiago izan. Hartara, lekua da, besteak beste, inondik ere falta ez dena. Kontu izan, esaterako Terradetseko haitzarte edo mendi-zintzurrak, Nogera Pallaresa errekan barrena, 157 km. dituela. Hain zuzen ere, zehatz-mehatz, Bilbotik Baionarako autopistak beste. Estuxeagoa, hori bai.
Aukera-maukerak edozenbat dira: Pallars Goienaren lurraldeetan daude Pirineo Garaiko Parke Naturala eta Pica d`Estats (3.143 m.), Kataluniako gailurrik gorena; Gerdarreko erreserba, Europako izei-basorik handienetakoa; Aiguestortes eta San Maurizio aintzira (1) eta Pirinioetako erromanikorik zaharrenetakoak (IX. mendeko Sant Pere del Burgal). Baita Nogera Pallaresa errekan zeharreko raftin zein sakan jaitsierak eta arraunketa ere. Eta bertatik bertara, ezinbestean, hamaika kanpin, haur-kolonia, udaleku etab. Neguan, berriz, eskia. Alpetarra, Bonaiguan nahiz Espoten (2), eta mendi-eskia nahieran.
Okzitania frantsesa, iparraldean. Andorra, ekialdean eta Aran harana mendebaldean, katalana da, jakina, Pallars Goienaren eguneroko hizkuntza, ia bakarra. Orain hurrengo, autoa garbitzera joan eta makinan, aukeran, sakatzeko botoi bi: RENTAT eta ESBANDIT. Galdetu behar izan nuen, txanponak sartu aurretik.
---oo0oo---
1) 1960ko hamarkadaren hondarrean heldu nintzen bertaraino estreinako. Hirurogei urte geroago berdin-berdin jarraitzen du, harrizko monolitoren bat edo izan ezik. Hori bai, orain taxi kolektiboan igo daiteke aintziraraino, 11 euroren truke.
2) Ez da handia, baina bertako lehiaketa ofizialetan parte hartu behar izaten dute euskal eskialari gaztetxoek.
.
- Sant Just. XI. mendeko Pirinioetako erromanikoa. Son, 48 biztanle