Palestina eta Israelen alde, Hamas eta Netanyahuren kontra
Erabaki hauek zein ondotik etorriko direnek ez dute Israel ezustean harrapatuko. Ezin ahaztu, iaz Suedian izandako lehiaketan Israelek bi bider aldatu behar izan zuela abestiz, antolatzaileek aurreko biak “kanta politikotzat” jo eta debekatu zizkiotenez gero.
Izan ere, Israelgo telebistak antolatzaileen zentsura onartu nahi ez arren, eta ez zuela parte hartuko mehatxu egin, Isaac Herzog presidente israeldarra amore ematearen alde agertu zen. Haren hitzak gogoratuko baditugu, “une honetan garrantzitsua da Israel Eurovisionen agertzea, etsaiak baitira edonondik bidali nahi gaituztenak”.
Berrogeita hamar urte zeramatzan Israelek UER/EBUren abesti-lehiaketan parte hartzen eta ez zuen, iaz arte, horrelakorik jendaurrean aitortu beharrik izan. Geroztiko gerkakizunek ez dute, berriz, egoera erraztu, Netanyahu lehen ministroak meritu mortalak eta bi egin baititu, Eurovisionek atea itxi diezaion. Ondoko erabakiak arrapaladan etorriko dira eta honezkero Katalunian jakinerazi dute ez lioketela ekingo datorren urtean Bartzelonan hastekotan den “vueltari”, israeldarrak bertan balira.
Arriskuaz jabetuta, “etsaiak baitira edonondik bidali nahi gaituztenak” aitortu eta iragarri zuen Herzog laboristak aurreko udaberrian. Esaldi horrekin Israelgo presidenteak aditzera eman zuen non datzan Israelen ahuleziarik nagusienetakoa eta, aldi berean, munduari iradoki zerk egingo lioken Israeli minik gehien. Alegia: nonahitik bidali eta bakardadean bere kasa utzi. Herzogek badaki bizikleta-itzuli baten inguruko istiluek baino askoz ere indar gehiago duela munduan zehar telebista publikorik gehienen Israelekiko arbuioak eta, zer esanik ez, are boikot komertzialik egingo balitzaio, dagoeneko enpresari (1) israeldarrek iragarri duten sekulako atzeraldi-arriskuaren kariaz.
Palestinaren aitzakiaz Espainiako Bueltan izan diren istilu-moldeen irudiak oso “Hamasen aldekotzat” interpretatu dituzte Israelgo telebista-ikusentzuleek. Honek ez dio Netanyahuri batere kalterik egin, mesede baizik, baina Eurovisionetik kanporatzeak zein boikot komertzialak planteatu liokete gobernu israeldarrari inondik ere nahi ez lukeena. Hau da, zilegi bezain posible dela Palestinaren alde aldarrikatu nahiz Hamas arbuiatu, eta baita Israel onartu ere, Netanyahu gaitzetsi arren.
1) Israelgo Enpresa Foroak zera eskatu dio Netanyahuri: gerra gerarazi, egin beharrekoak egin bahituak askatzeko eta hauteskunde orokorretarako deia egin.