Padura
Segurutik atzoko zein aurreko asteburuko uholdea sufritu duten hiritarrek guztion elkartasuna eta erakundeen lagunza behar eta merezi izango dute, baina holakorik batere ukatu gabe, egia ere bada gu guztiok, egungo gizartea osatzen dugun guztiok, hausnarketa apurren bat ere egin beharko genukeela lantzean behin.
Gizarte elbarritu samarra gero gurea. Ez dakigu urtaroak aldatzen direnik ere komunikabideek abisatu arte, eta zain egon izaten gara noiz irratiak esango berokia jantzi edo aterkina hartzeko. Gure aitita-amamak gauza ziren atarira irten, muturra okertu, biharamuneko eguraldi-aldaketa bezperatik sumatu eta behiak denboraz kortatik ateratzeko. Gu ez gara, ostera, autoa garajetik ateratzeko gauza norbaitek telefonoz deitu arte.
Inoren kasutan sartu beharrik gabe, nik neuk daukat garajea maila freatikoaren azpitik eta, gauren batean, nahi baino euri gehiago egingo du, ur-ponpak ez du funtzionatuko, ez dut irratirik entzungo eta uholdeak telebista ikusten harrapatuko nau, euri-jasak leihoa zakar asko jotzen duen bitartean. Hori bai, errua Administrazioarena izango da.
Jakinekoa zera da: gehienok paduran, erreka-bazterrean edo mendi-sotoan bizi garena. Erdiaroko bideak oraingoak baino berrehun metro altuago zihoazen, maldan gora badaezpada ere. Ez dira urak gureganatu direnak. Gu geu gara uraren esparrura jaitsi garenok.
Deia, 2008.06.09
Gobela ibaia eta padura, gaur egun.