Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Otsaileko elurra zurez, martxokoa urez

Otsaileko elurra zurez, martxokoa urez

Amatiño 2026/03/03 09:43
Elurrik ez da gero aurtengo neguan falta izan Pirinioetan. Aspaldiko partez, zenbait eski-pistatan 10-11 metro beste pilatu da. Hamar metro elur ez da asko ezker-eskuinez neurtuz gero, baina beldurtzeko beste, ostera, behetik gora baldin bada, zer esanik ez azpian harrapatzen bazaitu.
  Otsaileko elurra zurez, martxokoa urez

Biarno-Aragoi mendi-muga, aurreko igandean

Elurra hamaika euskal esaera, esames eta atsotitzetan aipatzen da. Justo Mokoroak (1) ehundik gora biltzen ditu, bata bestearen ondotik. Hainbat ezagun samarrak, aspaldikoak “elur urte, arto urte”, nahiz oraintsukoagoak “elur urte, patxaran eta gari urte”. Beste zenbait filosofikoagoak, “elurra, bere aroan asegarri, handik kanpo gosegarri”. Baita garaian garaiko elur-motak alderatzen dituztenak ere: “Abenduko elurra burdinez, urtarrilekoa altzairuz, otsailekoa zurez eta martxokoa urez”.

Elurrak sakonetan nahiz barrenetan pilatzeko joera duenez, gora-beherak berdintzeko eta paisaia lautzeko dohaina du, grabitate-kontua. Fisikoa den bezalaxe –nahiz ez iruditu-- elurrak ingurua isilarazteko duen gaitasuna. Elur jausi berriaren %90 airea da eta egitura porotsu horrek soinu-uhinak xurgatzen ditu, hainbat instalaziotan jarri ohi den apar edo bits akustikoa balitz bezala.

Pirinioak baino 250 milioi urte zaharragoak diren sumendi biak

Beheko argazkian, ezkerreko mendia Midi d´Ossau (2.284 m.) gailurra da eta, eskuineko beste muturrean, lehena Anayet (2.545 m.) eta eskuinerago Erpina (2.559 m.) tontorrak. Midi mitikoak Biarnon ditu oinak eta urak Atlantikora (Baionara) isurtzen. Beste biak, ostera, Aragoin kokatzen dira, Mediterraneo-isurian, Ebroan zehar.

Midi d' Ossau - Anayet
Itsaso bien arteko 450 kilometroko mendilerroa Midi d'Ossau eta Anayet tximinien artean pasatzen da.

 

Midi D´Ossau eta Anayet orain 300 milioi urte lehertutako sumendien tximiniak dira, azaleko lurrak erantzi ostean harkaitzezko barne-tutuak begi bistan geratu zaizkienak. Argazkiko ertz bien arteko bost kilometroko pasabide menditsu zuria da, berriz, orain 40 milioi urte gertatu zen Pirinioen sorreraren (orogenia) emaitza, iberiar eta europar plakek elkarren aurka talka egin ondoren.

Harrigarri bada ere, Bidasotik Gironarainoko mendi-kate guztia (2) altxatu zenean, Anayet eta Midi d’Ossau sumendi zaharrek 250 milioi urte zituzten ordurako eta, hala ere, bi mila metro inguru altxatu ziren oso-osorik, harro asko,  hankaz gora jausteke.

---ooOoo---

1) “Repertorio de locuciones de habla popular vasca”. Justo M. Mocoroa. Euskoa Jaurlaritza, Labayru eta Etor, 1990.

2) Pirinioetako mendilerroak 450 kilometro inguruko luzera du, Kantauritik Creusko lurmuturreraino eta lekurik hedatsuenean, Huesca probintziaren ekialdean, 150 kmko zabalera du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal