Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oteiza eta Chillida, aurrez aurre

Oteiza eta Chillida, aurrez aurre

Amatiño 2022/04/24 23:35
“Oteiza-Chillida. Dialogoa” (50eko eta 60ko urteetan) da, batere zalantzarik gabe, XX. mendeko euskal eskulturaz interes ñimiñorik duen edonork batere aitzakiarik gabe ikusi beharreko erakusketa. Euskal zizelkari nagusi bien eskulturak aurrez aurre ikusteaz gainera, aparteko abagunea, zinez adierazgarriak diren testuak irakurtzeko eta, sarrerako bideoan, Javier González de Durana komisarioaren azalpenak ikusentzuteko. Gero gerokoak.
Oteiza eta Chillida, aurrez aurre

1997ko adiskidetze-besarkada

Erakusketak 1948tik 1969ra bitarteko obrak biltzen ditu, alegia 1950 eta 1960 hamarkadetakoak, zeinetan Oteiza eta Chillida (16 urte gazteagoa)  aldi bertsuan hasi eta nor bere kasa aritu ostean, Arantzazuko Santutegian* topo egin zuten, atariko apostoluen frisoa, Pietatea eta sarrerako ateak, tarteko.

Urriaren 2 arte Donostiako San Telmo museoan iraungo duen erakusketa honetan, lehen aldiz bildu eta aurrez aurre jarri dira bi artisten emaitzak, ez kontrajartzeko, erkatzeko baino, jendaurreko elkarrizketan.

Harrigarri, gero, hainbat sortze-unetan zein eskultura berdintsu samarrak egitera iritsi ziren biak (zenbaitetan ezin, izenari begiratzeke, egilea asmatu), hain abiapuntu desberdinetatik ekin arren. Iturri kontzeptualetik, Oteizak, eta intuizio soiletik, aldiz, Chillidak.

Nornahik ulertzeko eran González de Duranak argi asko adierazi bezala, Oteizak, aldez aurreko teoriak frogatzeko baino ez zituen eskulturak egiten. Chillidak, aldiz, zer egingo ez zekiela ekin ohi zion lanari, eta amaitutzat jotzen zuen… amaitua sumatzen zuenean.

Biak elkarrizketatzeko aukera izan nuen, pare bat alditan, 1970 eta 1980 hamarkadetan, eta zeharo berdinezak ziren. Kanporakoia, Oteiza, eta barnerakoia, aldiz, Chillida. Hitz-jario handikoa, berritsua, zaratatsua eta kanpolarrosa, oriotarra; isila, lasaia, lotsatia eta gogoetatsua, donostiarra. Oteizak denetik baleki bezala hitz egin ohi zuen, edozertaz, poesiaz, filosofiaz, antropologiaz, historiaurreaz, hizkuntzalaritzaz nahiz euskal hezkuntzaz eta irakaskuntzaz… Chillida, berriz, zeharo pentsakorra, zuhurra baino zuhurragoa, arteaz besterik ez zen mintzatu izaten.

Filosofia vs materia, Oteizaren hizkuntzak ez zuen oinarrian batere baldintzarik, euskal kulturaren baitan eragin nahi zuen eta ez zion beste ezein zabalkunderi garrantzirik ematen. Chillidaren lana, aldiz, euskal tradizio-kulturan oinarritu zen eta etengabeko garapen plastikoa zuen helburu, nazioarteko norabide nabarmenaz.

Oteizari bost axola zitzaion kritika, zeresana, ospea eta geroa. Etorkizuna zen, ordea, Chillidaren arduretakoa, aintzakotza eta lanbidearen nondik norakoa. Oteizak ez zuen oinordekorik izan. Chillidak, ostera, zortzi seme-alaba. Eta gai delikatua bada ere, Ixiar Carreño eta Pili Belzunze emazteek jokatu rola ez zen, inondik ere, berdina izan.

Zer nahi delarik, lankide eta adiskide onak izan ziren lehenik, baita hainbat ekimen sustatu eta zenbait aldarrikapen elkarrekin sinatu ere. Gero, haserretu-eta, elkarri hitz egin gabe urte luzez iraun zuten, nahiz euren bizitzaren hondarrean (Zabalaga, 1997) berriro adiskidetu.  Erakusketa honek biei zor zaien zubigintza zizelkatzeko balio izango al du!

Ikusi, irakurri eta entzun beharreko erakusketa.

*Penagarri,  zein irudi eta sekuentzia eskasak bildu dituzten antolatzaileek, apostoluak eta Pietatea Arantzazuko sarreran jarri ziren egunekoez (1969). Ezin esan, garai hartan, teknologia edo kamera hoberik ez zegoenik, ordurako kalean ziren-eta, esaterako, Basterretxea eta Larrukert bikotearen “Pelotari” (1964) eta “Ama Lur” (1968) film ospetsuak. Eta, argazkiak behintzat, nabarmen txukunagoak eta adierazgarriagoak bildu zituen Miguel Pelay Orozcok Oteizaren biografian (OTEIZA, 1978), Koch, Agirresarobe, Plazaola, Elizegi eta garaiko beste hainbat argazkilari handi lekuko.

Oteiza Chillida 1960
Jorge eta Eduardo, elkarren lagun, Donostiako Espelunca liburudenda-galerian, Chillidaren omenetan Oteizak eman zuen hitzaldi-egunean. 1965eko abenduaren 15ean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: