Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Oteizaren eta Basterretxearen espazioak

Oteizaren eta Basterretxearen espazioak

Amatiño 2026/04/06 00:15
Abuztuaren 30 arte zabalik egongo da, Altzuzako (Eguesibar) museoan, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea eskultoreen oroigarriz osatutako erakusketa. “El problema del espacio” deritza eta hamabi museo, fundazio eta galeriatan (1) bildutako 80 eskultura, film, argazki, agiri eta beste hainbat artelanek osatzen dute. XX. mendeko bi eskultorerik nagusienetakoen arteko adiskidetasunak eragindako emaitzaren erakusketa da.

Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak nolabaiteko bizitza paralelo samarrak izan zituzten. Biak heldu ziren 1930eko hamarkadan Argentinara (2). Biek ezagutu zuten elkar Buenos Airesen, biak ezkondu ziren bertan eta euskalerriratu ziren gero; biak izan ziren elkarren adiskide minak eta izan zuten hainbat egitasmotan batera lan egiteko aukera, besteak beste:  Arantzazuko Santutegiaren eraikuntzaren inguruan (3),  Madrilgo Nebil Galerian buruz buru egindako erakusketan (1960), Irungo Tailer-etxearen  proiektuan (1958-1975), Operación H laburmetraia (1963) zein Ama Lur (4) dokumentalaren (1963) ekoizpenetan, eta burutzear geratu zen Sabino Fundazioaren egitasmoan (1979). Aipagarri ere,  biak izan zirela Gaur talde mitikoaren sortzaileetakoak (1966).

Aldi bereko bizitza paralelo samarrak bai, baina alde nabarmen batez: Oteizak, eskultore peto-petoa izaki, 1960tik aurrera eskulturarik egiteari utzi eta “artea irauliko zituen teoriak” (5) burutzen jardun zuen bitartean, Basterretxeak –1960tik aurrera ere-- eskulturaz gainera, diziplina anitzeko sortzailea zenez, arte plastikoak, ilustrazioa, diseinu industriala, kartelgintza (6), arkitektura (7),  argazkilaritza, zinemagintza (8), komunikazioa eta publizitatea landu zituela. Basterretxea, gaztetan, Buenos Airesko "Saski naski" taldearen dantzaria  izana zen, maskaradetako “zamaltzain” jauzilari bizkorra, eta espiritu hori ez zuen aguretan ere galdu.

Bidelagun perfektua

Oteiza eta Basterretxea elkarrekin ondo konpondu zirenik ez dago zalantzan. Ez eta Basterretxeak Oteiza miresten zuenik ere. Bien arteko lankidetzaren adierazgarri, Altzuzako Oteiza Museoaren zuzendari-ordeak zera esan berri du erakusketaren karietara: “Oteizarentzat Basterretxea izan zen bidelagun perfektua”. Ziur gero horrela izan zela, baina ez dut uste, ordea, inork esan lezakeenik Oteiza inoren bidelagun perfektoa izan zenik.

Oteiza ez zen lagunak samur egiten dituenetakoa izan. Basterretxeak adierazi ohi zuen, maitasun handiz baina zorrotz, "Oteiza es muy mucho en todo", eta ez zitzaion arrazoirik falta. Nik biak --bakoitza bere aldetik nahiz elkarrekin-- ezagutu nituen neurrian, Oteiza sekula isiltzen ez zen orojakile zurrun eta histrionikoa zen sarriegi, eta Basterretxea, berriz, beti ikasteko gertu eta malgu jokatzeaz gainera, pazientzia infinitua frogatu zion adiskidea. 

---ooOoo---

1) Oteiza Museoaren eta Basterretxea familiaren artelanez gainera, bertan dira Gasteizko Artium Museoak, Donostiako San Telmo Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Madrilgo Reina Sofia Museoak, Cuencako Arte Abstraktu Museoak, Juan March Fundazioak, Euskal Filmotekak, Kutxa Fototekak, Studiolire Galeriak eta beste hainbat sorta pribatuk eskainitakoak.

2) Oteiza 1935ean, ordurako 27 urteko eskultorea zelarik, eta Basterretxea hiru urte geroago, gerrak erbesteratua, 14 urte baino ez zituela.

3) Oteizak, besteak beste, Pietatea eta hamalau apostoluak. eta Basterretxeak kriptako hormairudiak.

4) Filma Basterretxeak eta Larrukertek ekoiztu zuten, eta euskal prehistoriari buruzko pasartearen ahotsa Oteizak jarri zuen.

5) "Quousque tandem" (1963) eta beste hainbat gehiago.

 6) “Euskara bai” (1978), “Gernikako Estatua, orain” (1979), Donostiako Musika Hamabostaldia (2003), Durangoko Liburu Azoka (2012) eta hamaika gehiago.

7) Arte plastiko eta arkitekturaren arteko fusioa aldarrikatu zuen, Arriarango urtegia, adibidez.

8) “Ama Lur” ez ezik, baita “Pelotari” eta “Alquezar” ere. Donostiako Zinemaldiaren zuzendari ere izan zen, 1978an. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal