Oskolik gabeko itsas-marraskiloak
Luis M. Naya Garmendia Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakaslea da. Baina baita urpekaria eta argazkilaria ere. Beste era batez esanda, pedagogoa, kirolaria eta artista. Hiru jarduerak koktel berean sartu, eragin eta, horra, sekulako argazki-bilduma eta liburua: “Nudibranquios de la Costa Vasca: el pequeño Cantábrico multicolor”
Liburua ez ezik, baita erakusketa moldatu ere Donostiako Aquarium-ean, bildutako itsas-baretxoak bertakoxeak baitira, Kontxa hondartzakoak eta Pikatxilla, Monpas zein Zurriola bazterretakoak.
Munduan zehar lauzpabost zentimetroko nudibrankio galantak egon badauden arren, Kantaurikoak nabarmen txikerragoak dira, zentimetro erdikoak edo. Baina, moldez, marraz eta margoz, Itsaso tropikaletakoak bezain bereziak eta txukunak.
Batek daki baina… sekulako bista behar izango da gero, hogeita bost metro inguruko sakonera murgilean egin eta azazkal txiki baten neurriko zomorro galdua hondarretan aurkitzeko! Makina ederra, berriz, bertatik bertara argazkia atera eta ipotxa erraldoi bihurtzeko. Vicente Zaragueta zenak hitzaurrean esan bezala: zientziaz, pazientziaz eta esperientziaz baino ezin horrelakorik egin.
Dena den, bada horrelakorik ikusteko bide errazagorik. Eskafandra aproposik ez duenak jo beza Aquarium aldera, eta kitto. Ume eta guzti, ahal delarik.
Luis M. Naya, Aquarium donostiarreko erakusketan
Oskolik gabeko itsas-bareak, bete-betean
Nudibrankioak ez dira sexuz bereizten. Denak dira, aldi berean, ar eta eme; eta biak dira, aldi berean, hartzaile eta emaile
Hau kamuflajez jantzita atera da
Gizajo honi, belarri bat bikoiztu egin zaio. Eskerrak ez duen eskolara joan beharrik!
Hau, berriz, beti ahoa zabalik