Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ornelia Muttiren bularrak

Ornelia Muttiren bularrak

Amatiño 2012/12/08 23:55
Hogeita bost urteren bueltan, orduko ikusentzule ezezagun horietako batekin ustekabean topo egin eta oroitarazi dit Ornelia Muttiri ETBn egin nion elkarrizketa. Nonbait biok ditugu gogoan, oraindik ere, antzezlariaren bular eztiak, baina ez arrazoi berberengatik.
Ornelia Muttiren bularrak

Ornelia Mutti

Ornelia Mutti (Erroma, 1955) nolabaiteko sex-symbola zen 1980ko hamarkadan. Ez da zinemaren historian nahitaez aipatu beharreko aktorea, baina bai, oraino, emakumerik ederrenetakoen zerrendetan (1994) Interneten aurkitu ahal den izena. Polita, politik bazen, sekulako bular zoragarriak zituen.

Hotsandiko olatu-bitsetan etorri zen Donostiara eta Miramonen elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Ez naiz jendaurreko jardunaz askorik gogoratzen baina bai elkarrekin, buruz buru, afaltzera joan ginela, asteroko elkarrizketatuarekin egin behar izaten nuenez, inork jarritako protokoloari jarraiki.

Nire ikusentzule ezezagunak ez du, antza, Ornelia Muttiren edertasuna ahaztu eta, mende laurden geroago, aitortu dit haren begiek eta bular pareak sortarazi zioten dardara, eta emakume puskatzar haren aurrean nik azaldu omen nuen patxadak eragin zion inbidia.

Hala ere, nire ikusentzuleak hogeita bost urtean jakin izan ez duena zera da: Ornelia erditu berria zela bigarren haurra (Andrea), eta egunero titia eman nahi izaten zionez gero, seme jaio berri eta guzti etorri zela Maria Cristina hotelera, non umea eta neskamea zain zeuden amak bularra noiz eman ahal izango.

Gogoan dut seme-alabak amaren esneaz haztearen aldeko sutsua zela gure italiar pertxenta, baita “hemendik beste honetatik baino” erosoago, eta gehiago, eman izaten ziola kontatu ere kontatu zidala, normaltasun osoz. Erotismotik gutxi, beraz, eta seme-alabak dituzten lagunen arteko berriketatik asko, ordea... Andrea neska ala mutil izena ote zen eta horrelakoak. Hotel-atarian elkarri pare bat musu eman eta... arrivederci.

Kristoren neska atsegina iruditu zitzaidan. Ezta hurrik eman ere, gero, komunikabideek aditzera ematen zuten kaxkarinarekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: