Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Orkatzategi, Arabatik itsasora bitartean

Orkatzategi, Arabatik itsasora bitartean

Amatiño 2016/01/12 00:05
Orkatzategi tontorra (869 m.) ez da inondik ere Zaraia mendilerroko gailurrik altuena (Elorreta, 1.141 m.) baina nekez, milatik beherakoen artean, ikuspegi hoberik eskaini dezakeenik.

Iparralderantz, itsasora begira, Anboto eta Udalaitz aurrez aurre; hegoaldera, Araotz harana, Aloñatik Aizkorrirainoko mendilerroa eta Elgeako haizerrota saila, auzoko Araban; sortaldean, Txindoki eta gainerako giputz-eremuak; sartaldean, bertatik bertara Kurutzebarri eta, urrutixeago, Gorbeia basajaun bizkaitarra. Barren-barrenean, berriz, mendi-oinetan, Urkuluko urtegia, Suitzako aintziretako baten antzera. Sekulakoa gero, 360 graduren jira-biran, etenik gabeko argazkia.

Araotzetik irtenez gero, bospasei orduko eguerdian egin daiteke, Aretxabaleta eta Oñatiren arteko mugarrietan zehar, Degurixatik (Urbiako naba baino txikerragoa baina dezente lasaiagoa) Aitzuloko leizezuloraino, Santikurutz ermita eta Orkatzategi gaina tarteko.

Betidanik arrakasta handia izan duen ingurua da, nonbait, bertan dirauten tumulu eta trikuharri megalitikoak lagun, berriagoak eta dezente ezagunagoak diren Sandailiko leizea eta ermita magikoak lekuko.

Panorama 23

Ezkerretik eskuinera, Kurutzebarri, Gorbeia, Anboto, Udalaitz, Oiz, Karakate... Barrenean itsasoa eta, magalean, Urkuluko urtegia, Aretxabaletan ("Mendien artean" argazkia. Gure 'Kajoitxu' zenarenak ere, bertan)

Orkatzategi behetik

Orkatzategi tontorra, ezkerreko muturrean, behetik gora, Urkuluko urtegitik. Bigarrena, Ametzueta.

Orkatzateg1

Erdian, Orkatzategi, Santikurutzeko ermitatik. Aurrena, eskuinaldean, Ametzueta.

.

Santikurutz, txukun asko zaindua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: