Ontzioletako elefantea
Erkatze edo alderatze-kontuak arriskutsuak omen dira, areago berrogei lerrotan laburtu behar baldin badira, baina Nantes hiri bretrainiarrak eta gure Bilbok badute antzerakotasunen (1) bat edo beste, inondik ere elkarren antzik ez badute ere. Biak dira hiribildu zaharrak, biak daude itsasotik hainbat kilometrotara, biek dute itsasoarekin zilarenak egin dituen ibai bana zein ontzioletako tradizio handia, eta biak geratu ziren duela sei hamarkada itsasontzi sektorean leihatu ezinik. Baina hortxe amaitzen dira antzekotasun guztiak.
Loira ibaia mila kilometro luze da eta Nervioiak 72 baino ez. Atera kontuak. Guri besterik iruditu arren, Bilboko bokalea nasa txikia baino ez da Nanteskoarekin alderatuz gero. Errontegi zubiaren luzeera 640 m. eta garaiera 42 m. bada, Loira gurutzatzen duenarenak, berriz, 3.357 eta 68.
Bilboko ontziolak historiara pasatu ziren, garai bateko “Ibaizabala” ez zelako nonbait uste bezain zabala eta ezker-eskuineko ibarrak hartuak zituenez gero. Nantesko ontziolak, ostera, Loiraren bokaleko Saint-Nazaire aldera pasatu ziren eta, gaur egun, bertako Chantiers de l’Atlantique ontziolak munduko handienetakoak dira, 300 metroko itsasontziak egiten dituzte eta munduko kruzerorik galantenak(2).
Bokaleko portuan “irabazi” egin bagaituzte, ez horrenbeste hiri barruko kaietan. Bilbo, besteak beste, Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregia eraikitzeko gauza izan da Abandoibarran, eta Nantesek, berriz, “Les machines de l’île” egitasmoa burutu (3) du bere ontziola zaharretako errailen artean. Hau da, “Makina handien galeria”, “Itsas-munduen karrusela”, “Lertxunen zuhaitza” eta, guztien artean ospetsuena dena, “Elefante erraldoia”. Denak ere, aukera-maukeran apropos asko, Julio Verneren jaioterrian.
Elefante Erraldoia
Ez da gero erraza, horren makina ibiltari galanta aurrez aurre irudikatzea: lau pisuko garaiera (12 m.) duen elefantetzarra, 8 metro zabaleraz eta 21 luzeeraz, astiro-astiro, 1-3 km. orduko abiadaz, norberarengana datorrela orroaka eta noizean behingo ufadaz. Hezurdura metalikoa du; azala, larru antzeko polimeroren bat, artikulazio mekaniko-hidraulikakoak (2.000 litro olio) eta 400 zaldiko motore hibridoaz. 45 lagun daramatza bizkargainean (elbarrituak ere tarteko) eta, behar bada, handia ematen duen arren ontzioletako trantsitoetan, zer ez ote zitekeen izango gure hainbat herritako kale xumeetan!
Segurutik ez litzateke sartuko eta sartuz gero ere, ezker-eskuineko balkoiak hautsiko lituzke.
Umeak aho zabalik laga izaten dituzten horietakoa.
---ooOoo---
1) Eibarren "antzeko" baino, sarriago erabili izaten dugu "antzerako". Hainbatek esango du berdinak direla. Baina "antz" sustantiboa da, eta "antzera", ostera, adizlaguna da. Ezin erabat berdinak izan.
2) Wonder of the Seas eta Harmony of the Seas (362 m. bakoitzak) bertan eginak dira.
3) François Delarozière eta Pierre Orefice dira egitasmoaren sortzaile eta arduradun. Biak eta biak hainbat ikuskizun, makina ibiltari, eszenategi-proposamen eta faktore eraberritzaileren asmatzaile eta eragile.
