Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sokolov, onena. Baina ez berbetan

Sokolov, onena. Baina ez berbetan

Amatiño 2012/02/19 23:00
Sokolovek pianoa jo besterik ez du egiten. Jo, onenak bezain ondo jo. Entzun nahi dionak entzun diezaion. Ulertu nahi dionak uler diezaion. Pianojolea da, ez hizlaria. Artista da, ez filosofoa. Sokolovek ez du musikaz baino komunikatzen. Ez dihardu esne-berbetan. Ez du inor ordezkatzen, ez du inor ordezkatzerik nahi. Bera bere burua da, bere arima, bere eskuak, bere atzamarrak... eskola guztien gainetik eta tradizio guztien azpitik.

Grigory Sokolov Donostian izan dugu. Nor ote, Sokolov? Ba… Wikipediari jaramonik eginez gero “is a concert pianist often considered one of the greatest pianists alive”. Hau da, nolabait esateko, gaur egun bizi diren pianojoleen artean onenetako bat.

Ingelesezko aipua dakart, ez sasiletratuarenak egiteko, Wikipedian ez dudalako euskarazko sarrerarik aurkitu baino, ezta gaztelaniazkorik ere.. Euskaraz ez agertzea… tira. Baina munduko pianojolerik onenetakoaren sarrera gaztelaniaz falta izana dezente adierazgarria da.

Edozein modutan, Grigoy Sokolov Donostian izan zen herenegun-aitzin (aurretik ere birritan izana da). Donostiara etorri, Kursaaleko auditoriuma bete, pianoa jo, jo eta jo,  --batere partiturarik** gabe bi orduz ikaragarrizko bizkortasunez, indarrez eta gozotasunez jo--, sekulako txalo-zaparrada entzun eta hitzerdirik esan gabe –ezta irribarrerik edo keinurik txikerrena ere-- alde egin zuen.

Sokolov artista zeharo sutsua, gartsua eta adoretsua da pianoa jotzen, lar urruna eta larrutik hotza,  berriz, azalpenak adierazten. Artista-jendeak zergatik den artista behin eta berriz azaldu behar bide duen gizarte kanpolarrosa honetan,  Sokolovek pianoa jo besterik ez du egiten. Jo, onenak bezain ondo jo. Entzun nahi dionak entzun diezaion. Ulertu nahi dionak uler diezaion. Pianojolea da, ez hizlaria. Artista da, ez filosofoa. Sokolovek ez du musikaz baino komunikatzen. Ez dihardu esne-berbetan. Ez du inor ordezkatzen, ez du inor ordezkatzerik nahi. Bera bere burua da, bere arima, bere eskuak, bere atzamarrak...  eskola guztien gainetik eta tradizio guztien azpitik.

Sokolov

Grigory Sokolov

** Barrena berrogeita hamar urte dira pianorik ez dudala jotzen eta belarria ez da, inondik ere, nire zentzumenik ontxoena. Horretara, ez naiz ni  piano-kontzertuaren kritikarik egiten hasiko. Baina Sokolovek titulu eta guztiko hogeiren bat pasarte jo zituen errenkadan, batere partiturarik gabe. Ordena asmatzea ere... Nahiz eta, programan ipinitako ordena jarraitu ez arren, nor gero ordenarik ezaz jabetu!

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: