Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ondo maitatzeko ez da modu askorik behar

Ondo maitatzeko ez da modu askorik behar

Amatiño 2025/12/28 10:55
Grezia klasikoan zortzi hitz ezberdin erabiltzen omen ziren maitasun-mota berdinezak adierazteko: eros, philia, agape, storge, mania, ludus, pragma eta filautia. Perikles, Aristoteles eta Platonen garaiak ziren, euskaldunok Santimamiñe eta Otsozelaiko leizeetan bizi ginen bitartean. Peccata minuta!
Ondo maitatzeko ez da modu askorik behar

Eros (1) greziarra, Cupido (2) erromatarra.

Bi mila eta bostehun urte geroago, gauzak soildu, bakandu edo erraztu dira nonbait. Behar bada, hiztegia kontsultatu beharra dugu jakiteko zer esan nahi duten storgeak (familia maitasuna) eta filautiak (norberarenganako maitasuna); eta, agian ere, hiztegitara joko ez bagenu, agapeak (baldintzarik gabeko maitasunak) jateko gauzak ekarriko lizkiguke gogora… Baina, aldi berean, egia ere bada eros (pasioa), filia (zaletasuna), mania (obsesioa), ludikoa (jolasa) eta pragma (alderdi praktikoa) ez ditugula beti maitasunarekin artez arte lotzen. Hartara, zer arraio egin ote dugu historian zehar greziarren maitatzeko zortzi modu haiekin?

Zer gerta ere, ez dut uste larregiko eskandalua denik esatea, praktikan, euskaraz, zortzi baino, bi era besterik ez ditugula maitasuna adierazteko: maitasuna bera eta amodioa. Maitasuna hitzaren jatorria denboraren tunelpean galtzen da, eta amodioarenak ez luke zentzu handirik izango erromanizazioa eta latinizazioa gertatu izan ez balira.

Ez dakit zaharrok inor ote garen gauza hauetaz hitz egiteko, baina esan esango nuke, heziak izan garen giroan bederen, maitasuna "sentitu" egiten dela eta amodioa "egin". Eta muga ez dagoela hiztegian, bakoitzaren iritzian, gurarian eta eskarmentuan baizik.

Hala ere, jakinekoa-edo dirudi, senitarteko maitasuna, norberarenganakoa, adiskideena, platonikoa, musu-truk ematen dena eta iraun dirauena, guztiak direla maitasun peto-petoak eta, zehatz, amodioa egitetik ezer gutxi dutenak. Pasioa, erotismoa eta jokoa, berriz, maitasunaren zein amodioaren eremu bietan suerta daitezke ahalegintxoren bat edo beste eginez gero. Era berean arrunt onartua da, erotismoaren zein amodioaren zenbait molde toxiko eta obsesibo nekez direla egiazko maitasunaren lekuko, nahiz maitasunaren, amodioaren, zaletasunaren, gustukoaren edo dena delakoaren aitzakiaz burutu.

Izan ere maite hitz zaharraren balizko iturriari dagokionez, ezaguna da jatorri zeltakoa (2) izan litekeela dioen hipotesia, irlanderaz maith hitzak “on” esangura bai baitu. Euskaraz ere, "onetsi" eta "maite izan" ez daude elkarrengandik batere urruti.

Hizkuntza zeltak kriseilu edo argimutil onak dirateke kasu honetan. Esaterako, galesez, is maith less (gustuko zaio), irlanderaz, an-as maith la cách (oso ongi), Eskoziako gaelikoz, tha a math (ongi da) edo bretoieraz (3mat eo (ongi da). Googlen begiratu besterik ez dago.

Horratik, hain urruti joan beharrik gabe ere, bigarren hipotesi bertakoagorik ere bada hurbilago, euskarazko "emaite/emate" adierak alegia, eman nahi izateari atxikiak. Hala balitz, “emate" ideiarekin, greziar klasizismoaren agape hitzaren esanguran sar gintezkeen, maitasuna elkarri on egiteko modurik eskuzabalen eta desinteresatuena izan daitekeelakoan.

Hartara, leizezuloetako euskaldunak agora greziarreko filosofoak baino serioagoak ote? Serioagoak ez dakit, baina murritzagoak, zuhurragoak edo larre motzekoagoak bai, behintzat. Eta aspergarriagoak ere bai, segurutik. Baina, asperraldiak eragindako maitasun epelaz ez dakienak... badu zer ikasirik oraindik!

---ooOoo---

1) Eros. Afrodita eta Aresen semea. Sexu-erakarpenaren jainkoa.

2) Cupidus -a -um. Latinez, irrika, grina. Euskaraz, "gupida" (1517): errukia, desira, guraria, grina.

3) Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa. 201 or. Euskaltzaindia, 2019.

4) Bretons et Basques: un même peuple oublié de l´Atlantic?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: