Ondo geratzeko komunikazioa
¿Por qué los profesionales no comunicamos mejor? (RBA, 2011) 150 orrialdeko eskuliburu xumea da, igande arratsalde batean irakurri ahal dena. Azalean zera dio, azpidatzi gisa: Los siete pecados capitales del mal comunicador. Eta kontrazalean, berriz, “¿Se puede aprender a comunicar? ¿Es importante lograrlo? Rotundamente si, responde el autor de ambas preguntas. Se puede aprender y este libro propone un eficaz método para conseguirlo”.
Auskalo. Ez dakit ba… behar bada azala zuzen samarra da, baina kontrazala ez horrenbeste. Liburuxka ez da inondik ere komunikazio-metodoa, ez du batere gauza berririk esaten, edonork ulertzeko moduko pasadizoak, irizpìdeak eta errezetatxoak eskaintzen dituen arren. Haatik, zer gerta ere, uka ezina dena zera da: liburuak bost argitalpen izan dituela azken sei hilabeteotan. Bada, nonbait, arratsalde batean masterrik egin nahi duenik.
Edozein modutan, liburuaren alderdirik eskasena ez da dioena, ez dioena baino. Manuel Campo Vidal komunikazio-aditua ez ezik, “ondo-geratzaile” aparta ere izan bada. Mundu guztiarekin geratu nahi du ondo eta, Guardiola zein Mourinho, aida nahiz ixo, ustezko “maisutasunari” komeni baino “zurikeria” gehiago dario esne-berben maila gainditu ahal izateko... ondo geratu beharraren mesedetan eta sinesgarritasunaren kaltetan.