Olerki-kantari bi, Gasteizko maiatzean
Antton Valverdek beste behin erakutsi du ofizioaren jabe dela, ahoz zein pianoz, eta ardo onak bezala goiari eusten diola laurogeitaka urterekin. Ohi duenez, gogoan izan ditu Lauaxeta, Jon Mirande, Xabier Lete zein Jesus Guridi konpositore gasteiztarra bera, baita Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Teresa Irastorza, Elisa Rueda eta beste. Zalantza handirik gabe, euskal poesía gehien kantarazten digutenetakoa dugu Antton Valverde. Pianoaz gainera, Txema Garcesen baxu elektrikoa eta Joxan Goikoetxearen soinua izan ditu lagun.
Paco Ibáñezi, ordea, ez zaizkio urteak alferrik joan. Agian galdu du autonomia, ordena eta lastertasuna, baina areagotu, aldiz, soltean jarduteko tentaldia, makinatxo bat ipuin eta anekdota zahar kontatzeko ahala, langarik gabe hitz egiteko joera eta ikusentzuleekiko harremana estutzeko abagunea.
Behar bada, Mario Max gitarra-jotzaileak behin baino gehiagotan gogorarazi behar izan dio noiz eta non jarri gitarraren zubitoa, baina ez zaizkio, ostera ahaztu, Pello Joxepe, Bautista Basterretxe eta Aduna baserriko oroitzapenak. Mikel Laboa ohoratu du eta García Lorca, Miguel Hernández, Luis Cernuda, José Agustín Goytisolo eta George Brassens laudatu. Baita entzulegoaren eskariz kanta hegoamerikarren bat edo beste eskaini ere, Che Guevararen omenezko “soldadito boliviano” kasu. Xabier Letek 1970eko hamarkadan Bartzelonan elkar ezagutu zutenean esan bezala: "Hi, Pako, ona haiz!".
Erraz ahaztuko ez den kantaldi hunkigarri horietakoa, sekula elkarrekin aritutako bi abeslari estreinako bildu dituena eta, gainera, bigarren txandarik nekez ezagutuko duena.