Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nortasun bretoiak ez du iraungo parpaila-opilaz eta gurin gaziaz

Nortasun bretoiak ez du iraungo parpaila-opilaz eta gurin gaziaz

Amatiño 2025/09/05 09:55
Gwennyn kantari bretoiak dei egin du, ahalik eta jenderik gehien bildu dadin bihar, irailaren 6an, Bretainiako kultura eta hizkuntza aldarrikatzeko izango den kontzertuan. Deia ezin argiagoa da: kultura bretoiaren bihotza hizkuntza da eta, hizkuntza galduz gero, “nortasun bretainiarrak ez du iraungo parpaila-opilaz eta gurin gaziaz (1)”.
Nortasun bretoiak ez du iraungo parpaila-opilaz eta gurin gaziaz

Gwennyn kantari bretoia

Gwennyn Louarn kantariak berak emandako datuak benetan larriak dira: 100.000 bretoik baino ez omen du “breizeraz” (breshoneg) hitz egiten (2) eta horietarik gehienak adinekoak. Giro horretan, laguntza ofizialak maldan behera omen doaz eta breziera-eskolek (3) gero eta zailtasun gehiago dute orain arteko mailari eusteko.

Gwennynen mezuak adorea aldarrikatzen du, kultura eta hizkuntza bretoiaren erronkari benetan heldu nahi dioten guztiei dei egiten die amore eman ez dezaten, eta, artez arte eskatu,  Bretainiaren (4) jatorrizko nortasunari eutsi beharraz benetan arduratu daitezela:  "Herri baten arima bere hizkuntzaz mintzo da" dio kantariak, eta honako galdera egiten:  “Zergatik, bestela, quebectarrak dira frantsesaren horren zale amorratuak?”

Gazteriari ere dei berezia egiten zaio, egungo belaunaldia duen erantzukizunaz jabetu dadin. Eta galdera zehatza egin: “Zer nahi dugu etorkizunerako? Bretainia isil, otsein eta nostalgikoa ala Bretainia pizkor, errebel eta jazarlea”?

Erantzuna bretoien eskutan omen dago. Eta, asmo honetan, Bretainiako hamarren bat kantari eta hiruzpalau kanta talde (5) elkarrekin bilduko dira  bihar, larunbatez,  Karaez (Carhaix) herrian, “Britainiaren erronkari erantzun 2025” izenburupeko kontzertuan,  “Herri-jaialdi, orokor, anitz eta ezpolitikoan”.

---oo0oo---

1) Biak dira zeharo tipikoak Bretainiako gastronomian. Parpaila-opila arrautzez, esnez, irinez eta legamiaz egindako opil fina da (krepa?). Ore arin-arina, esnetsu samarra, oratu ahala burbuilak dituena, eta zartaginean frijitzerakoan zulo txikiz geratzen dena, “parpaila” itxura hartzen. Gurin gazia, berriz, ohikoa baina gatzaz.

2) Zehatzago esanda, 107.000 omen ziren 2024 urtean brezieraz mintzo ziren bretoiak, hau da, hiritarren (4,7 milioi) %2,7. Sei urte lehenago, berriz, 2018an, %5,5.

3) Diwan Bretainiako eskola-sare pribatu eta laikoa da, 1977an sortua, bretainierazko murgiltze-ereduan oinarritua.  Helburua da bretainiera berreskuratzea, haurrek “breziera” txikitatik barneratua ikasi dezaten,  ahoz batez ere. Diwan sareak 4.000 ikasle zituen 2024ean.

4) Azaleraz, Euskal Herria (20.947 km2 ) Bretainia historikoaren (30.064 km2) bi heren da. 

5) Gwennyn bera, Denez Prigent, JC Guichen, Tekmao, Clarisse Lavanant, Brieg Guerveno, BRETONS, PLOUZ & amp, Foen, Madelyn Ann, Pêr Vari Kervarec, Dom Duff, Aziliz Manrow, Forzh penaos eta Shô.... besteak beste.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: