Normalak…
Zalantzarik ez gero ETAkoak normalak direna. Horretarako ez zegoen filmerik egin beharrik. Terroristak ez dira buru bikoak, ezta eroak ere. Bi buru balituzte zirkoan amaituko lukete eta eroak balira, zoroetxean. Baina ez batean eta ez bestean, espetxean nahi ditugu.
ETAkoak normalak direna betidanik jakin izan dugu. Umezale dirateke, diskoak erosten dituzte eta larrua jotzen dute. Normalak dira, jakina, ustelak, iruzurgileak, xenofoboak, pederastak edo matxistak normalak izan ohi diren bezalaxe. Kolonbiako karteletako narkotrafikatzaileek zein Siziliako mafiosoek familia dute biziki maite eta naziak gai izan ziren juduez egindako xaboiaz euren seme-alaba kuttunak laztankiro ikuzteko. Normalak ezezik, abertzaleak, kultoak, sentikorrak, zorrotzak, txukunak eta maitagarriak ere izan ziren.
Jaime Rosalesek ordu t´erdiko filme mutua egin du. Aukera bat da, bere aukera, baina hitzaren informazioa ukatu du. Ausardia ote ala ausardiarik eza?
Oraindik ere zenbaitek modernotzat jotzen du harako esaera zaharra: Hobe irudi bakarra, mila hitz baino. Hitzak ugari eta irudiak urri ziren garaietako atsotitza da hori. Baina irudiak lar eta hitzak gar bihurtu zaizkigun honetan, Bernardo Atxagari aitortu beharko arrazoia, barrena hamabi urte joan baitira hitzaren indarra aldarrikatu zuenetik hona.