Normala
Ordu eta erdiko erreportaiak jasotzen du Floridako Panama City Beach-eko esperientzia, non elkartu izaten diren noizbait Ipar Ameriketako liderrak izango diren goi mailako ikasleak.
Dokumentalak ez du ezein esatariren kontakizunik eskaintzen, oporretan ari diren unibertsitariek –bat-batean eta erreparorik gabe— telebista aurrean aitortutako jokabide eta adierazpenak baizik; baita hainbat soziologo, aditu, irakasle eta aztertzaileren iritzi profesionalak ere. Eta guztiok osatzen dute nolabaiteko gidaliburua, Mendebaldeko gizartean nagusitzen ari bide den sexuarekiko jarrera ulertu ahal izateko.
Zenbait mutilen erantzunak matxismorik bortitzenaren adierazgarri dira: “neska polita bada, hobe, baina sartzeko besterik ez da”. “Garrantzitsuena kopurua da, berdin da norekin”. “Lagunen arteko erronka da nork egiten duen sarriago”. “Amodiorik ez da, oheratzeko aitzakia baino ez. Bost minutu aski”. “Neskek ere, guk bezala, nahi dute, baina behin eta berriz eskatzea gustatzen zaie, bultza egin behar zaie”. “Neskak, gure arteko dema bat gehiago baino ez dira”.
Eta neskek, berriz, “larrua jotzeko mutila topatzea mutil-laguna aurkitzea baino errazagoa da”. “Sexuak ez du egun ezer esangura, plazerrra besterik ez da”. “Elkar ezagutzen dugu, mozkortzen gara, hotelera itzuli, txortan egin eta bakoitza bere aldetik, sekula ezagutu izan ez bagina bezala”. “Errespetu gutxikoa ematen du, baina honela baino ez du funtzionatzen”. “Onartua izateko, mugak gainditzeko prest egon behar da”. “Neskok gure artean lehian egin ohi dugu gutako nor izango erakargarrien”.
Hezitzaile eta irakasleen iritziak, berriz: “Porno biguna denean dago, hori da egungo joera. Kultura pornifikatua bizi dugu”. “Gazteek ikasi dute zer den sexua telebistaz, internetez, gizarte-sareetan, talde handietan, jendaurrean, ziztu bizian, intimitate gabeko egoeretan. Ez dago emoziorik ”. “Mutilek ikusi dute normala dela emakumeak behartzea, eta neskek ikasi dute normala dela amore ematea”. “Behin mutilen sexu-jarrera oldarkorragoa dela onartuz gero, hurrengo pausua sexu-hertsapena da”.
Ildo beretik soziologoek uste dute “amodioak utzi egin diola unibertsitate-esperientziaren parte izateari, bortxaketa-kulturaren mesedetan”. “Gizarteak esaten badie mutilei agintea dutela, eta neskei errepikatzen bazaie euren gorputzak gizonezkoak asetzeko direla, biolentziaren kultura areagotu besterik ez da egiten. Horrela bereizten ditugu sexua, batetik, eta harremanak eta sentimenduak, bestetik. Honi guztiari alkohola gehituz gero, ondorioa hondamendia da.”
Baina, hau guztia normala al da? Eta adituok erantzun: “Sarri galdetzen digute, baina mutil hauek zer uste dute? Eta erantzuna erraza da: uste dute normala dela. Uste dute hori dela egin behar dutena. Opor-giroa horrela dela. Negozio errespetagarriak (ostatuak, jatetxeak, klubak, iragarkiak, turismo-arduradunak, hondartza-kudeatzaileak, hedabideak…) baldin badira mezu hori adierazten ari direnak, gau bateko rollo normalak baino ez direla, eta indarrean dagoen kulturak txiki-txikitandik hori erakutsi badie… ba, orduan, har ditzagun hainbat tragoxka eta egin dezagun egin beharrekoa, normala da-eta.”
Izan ere, normala ez dela pentsatuko balute, gaizki dagoela uste izango balute, zertaz lotsatu balute, ez lukete agiri-agirian telebista aurrean, umekeria soilak balira bezala adieraziko. Agian, berdi-berdin egiten jarraituko lukete, baina ez, ordea, kamera aurrean erdi barrezka, inozo asko, aitortuko.
Jendaurreko bortxaketa
Dokumental hau amaitzear zegoela, Floridako Panama City hondartzan bertan, erdi-erdian, lekurik onenean dauden hainbat klub jendetsuren atarian, hiru mutilek konortea galdua zuen neska bortxatu zuten jendaurrean, egun-argiz. Izan zen bideoz grabatzeko denbora izan zuenik, bernetatik heldu ziotela ikusi zuenik eta, ikusi ahala, iruzkinak egiteko egokierarik ere izan zuenik: “Ah, zer desatsegina!” edo, “dagoen-dagoenean, neska hori ez da konturatu ere egingo!”. Hala ere, bertako sheriffak haserre asko salatu bezala, inork ez zuen bortxaketa eragozteko ekimenik izan.
Normaltasunaren beste harmaila bat gehiago, nonbait.
LIBERATED. The New Sexual Revolution.