Nork ordainduko du jai hau?
Argentinan bada hainbat belaunalditako etsipena azaltzeko esaera ezaguna: "Nork ordainduko du jai hau?" Galdera hau zabaldu omen zen Carlos Menem presidentearen ondotik, peso argentinarra dolar amerikarraren bestekoa zela sinetsi ostean, corralitoa indarrean jarri behar izan zutenean.
Beste horrenbeste diote orain ere zenbait argentinarrek euren Herrialdean nagusitu diren funts saiez (hold out). Baina, esanak esan, amerikar hartzekodunen maltzurkeria zalantzan jarri gabe, ezin ere ahaztu Argentina sartu zela orain ordaindu ezin dituen zorretan. Aldi berean, Argentinan urteak daramatzate oinarrizko hainbat lehengai (ura, gasa…) kostu-prezioa baino gutxiago ordaintzen eta nekez iraun dezakeen sistema ekonomikoa normaltzat jotzen. Nork ordainduko du festa hori?
Venezuelan, berriz, litro gasolinak Espainian baino mila aldiz gutxiago balio du (0,0013€) eta, kostu-prezioan baino dezente merkeago saltzeagatik, Estatuak 12.000 milioiko mentsa bereganatzen du. Garagardo batek 225 litro gasolina beste balio du. Zenbat denbora iraun dezake horrek?
Baina gatozen berriro ere Espainiara, Argentinan eta Venezuelan ez ezik, hemen ere behar baino gutxiago ordaintzen ari gara-eta energia. Argindarraren tarifa-mentsa 30.000 milioi euro ingurukoa da, 2002 urtean Rodrigo Ratok erabaki zuenetik argindarraren prezioa ez zela sekula kontsumorako prezioen indizearen (KPI) goitik garestituko. “Zentzuzko” erabakia, segurutik… geroztik, zenbait unetan, energiaren kostu-prezioa KPIa baino hamar bider gehiago garestitu izan ez balitz, eta alde hori Gobernuak bere bizkar hartu beharra izan.
Noiz arte iraungo du honek? Nork ordainduko du jai hau?