Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nolanen odisea eta Argentinako bonboiak

Nolanen odisea eta Argentinako bonboiak

Amatiño 2026/08/05 12:50
Christopher Nolanen “Odisea” filma ikusi nuen egun berean, Argentinatik bisitan etorritako lehengusinak Havannet kaxa ekarri zidan oparitzat. Buenos Aires ez da Troia eta hiru orduko filma ez da sei txokolateren kaxan sartzen, baina Havannet bonboiek eta Nolanen filmak badute antzekotasunik: denetik dute lar eta ez beti onerako.

Christopher Nolan zuzendariaren moldeko film handi-mandiak ez ohi dira umezurtz merkaturatzen, marketinik landuenak eskain ditzakeen aitabitxi, bedeinkapen eta intsentsu guztiekin baizik, baina lore-jokook arriskutsu suertatu izaten dira maiz. Ikusentzulegaia aldez aurretik suspertzeko, erakartzeko eta baldintzatzeko balio dezaketen imintzio-jarioak, ikusi osteko dezepzioa ereiteko hazi eta ongarri bilakatu daitezke.

Polifemo baldarraren antropofagiak, Zirtze (Samantha Morton) sorgin maltzurraren edabeek, burdinazko (1) armaduraz jantzitako mamu erraldoien erasoek, Atenea (Zendaya) jainkosa zein Kalipso (Charlize Theron) ninfaren look-andanak, melankoliak eta hipokresiak, edo laminen sasikantek liluratuko gintuzkete baldin... gogait, asper eta hotz geratuko ez bagina. Lehen ordu biek (bi ez dira gero artaleak!) luze egiten dira, luzeegi, benetan txunditu gaitzaketen fantasiak ez baitira begi-erretinetan itsumustuan islatzen diren irudi soilak, neuronen lapikoan  pil-pil edo pol-pol egosteko besteko gogoetak baizik.

Odiseak, hamabi urte genituela igandero Errebal kaleko Coliseoan ikusten genituen filmak gogorarazi dizkit. Orduan ”infantilla” (2) esaten zitzaion bazkalosteko saioari, orain, snobismo anglosaxoiz, “blockbusterra” omen da. Infantila bai, baina galanta. Nabarmena gero, zein bera garen izaki erraldoien morroi.

Nolan zuzendariaren maisutasun objektiboa ez dago zalantzan, Matt Damon (Odiseo) eta Anne Hathaway (Penelope) ez dira erdipurdikoak, filma benetan eskala handiko ekoizpena da eta ez zaio behar besteko aurrekonturik falta izan. Baina ia-ia etxera heldu arte, Odiseo erdi galduaren (ardi galduaren?) Troiatik Itakarainoko abenturak (3) ez du emoziorik, zirrararik edo -- are gutxiago-- hunkipenik sortarazten, nekaldia eta ipurdiko mina baizik.

Argentinako bonboiak bezalaxe, Nolanen odisea pertsonala da gogotik hiperbolikoa (4), larregikoa, gehiegikeriaz osatua eta atondua, eta txarrerako sarriegi. Seguru filmak bere publikoa izango duela, esne-gozoki, txokolate eta karameluzko Havannet bonboitzarrek duten bezalaxe, Denak balio bide du, Kixoteren haize-errotak bezain handia den bitartean.

---ooOoo---

 

Havannetak
Havanna. Tabako-paketeen pareko, 'hil egiten du' ohartaraztea baino ez zaio falta.
1) Brontze garaian.


2) Auskalo Jules Verneren irudimea Homerorena baino handiagoa, ote den, baina Nolanen “Odiseak” ez du Richard Fleiserren “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” (1959) filmaren ekarpen eta erakarpenik, nahiz duela zazpi hamarkadako bitartekoez ekoitzia izan.

3) Troiatik Itakara heltzeko (900 km.) hamar urte behar izan zituen.

4) Hiperbole: “Adierazi nahi dena gainditzen duen esapidea” (Euskal Hiztegia. Ibon Sarasola, 2007).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal