Noah Jupe
Odoltsu samarra, Suburbicon filmaren bigarren partea; baina, nahiz batere jariorik ez isuri, lehena, dezente mikatzagoa. Ez da bortizkeria fisikoa atzerakadarik gehien eragiten duena, emeki-emeki, Gardner (Matt Damon) eta Margaret (Julianne Moore) koinatu-koinatek elkarrekin osatutako ankerkeria baizik.
Joan zen mendeko 50 hamarkadako wasp (white anglo-saxon protestant) gizarte ideala nabari ondo itxuratutako giroan, ez da ezer dirudien bezalakoa, eta elur-bola maldan behera joango doa, ezin bestean, txarretik txarrera, bikote gizagajoak kontrolatzeko baino zailagoa suertatuko baita erronka. George Clooneyren zuzendaritzaren dirdirak ez du inor itsutzen, eta Cohen anaien gidoia “cohendarragoa" izan zitekeen.
Kostata txirikordatzen den historia trajikomiko honen baitan azpimarratzekoa da hamabi urteko Nicky semearen aktore-lana. Horren gaztea izan arren, nabarmena, hitzerdirik esan beharrik gabe ere, Noah Jupek zein sinesgarri islatzen dituen, mutu, denetariko sentimendu lazgarriak: bakardadea, larrialdia, beldurra, izua, ulertezintasuna, ustekabetasuna, susmo gaiztoa, zorigaitza, noraeza, etsipena... Sekula ez poztasunik, ezta gorrotorik ere, nahiz aitari, behin eta berriz, "señor" esan. Seguru asko ez da berea meritu guztia izango, baina ezpalak bereak baino ez dira.
Biluzik-edo, bainuontzi barruan, aurpegi goibela belaunburuen artean eta besoak uztarturik... nekez ahazten den irudia, ur epeletan izan arren ere, hotzikara ematen duen irudi horietakoa.
Nicky (Noah Jupe), amaren ehorzketan