Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez gara Goliat, baina bai nazioartekoak

Ez gara Goliat, baina bai nazioartekoak

Amatiño 2025/12/05 22:40
Mukuru bete da bart Donostiako Victoria Eugenia antzokia, DiPC zientzia-elkargoaren 25. urteurrena ospatzeko. Ez ditut nik hogeita bost urteko urraspideak edo bi orduko saioa hogeitaka lerrotan laburbilduko, baina bai, ordea, ekitaldiko hitzaldi eta aurkezpenetan zehar-mehar barrundatutako hiru ideia azaleratuko.
Ez gara Goliat, baina bai nazioartekoak

Bart, Donostian

Bat. Donostia International Physics Center (DiPC) dugu azken 25 urteotan, materialen zientzia oinarrizko ikerketan, munduan egin den esperientziarik bakanenetakoa. Erronka hau adierazten dute han-hemenka bildu daitezkeen datu objektibo guztiek. Eta hau gertatu ahal izan da, batetik, egitasmoa burutu zuen ideologoa, zalantzarik gabeko gaitasun zientifikoaz gainera, bere inguruan erabateko lidertza, konfiantza eta enpatia sortarazteko gai izan delako. Eta, bestetik, bitartekoak jarri behar izan dituzten erakunde publiko-pribatuak sinetsi eta fidatu izan direlako. Pedro Migel Etxenikeren arrakasta profesional zein pertsonala da, baita lagundu eta jarraitu dioten guztien meritua ere.

Bi. Baina DiPC ez zen egun batetik bestera basamortuan loratu. Autonomia Estatuaren eraginez, Carlos Garaikoetxearen lehendakaritzapean 1980an osatu zen Eusko Jaurlaritzak eta ondokoek erabat irauli dute egoera, urtez urte. Adierazgarri da, esaterako, I+G+B arloan egindako jauzi esanguratsua. Hau da, 1980an Euskadiko inbertsioa Espainiakoa baino bost bider txikiago izatetik pasatu da, lau hamarkadatan, %57 handiagoa izatera. Beste modu batez esanda, denbora berean, Espainiaren inbertsioan 4 bider gehitu den arren, Euskadirena 33 aldiz biderkatu da. Eta egundoko gorakada honetan zer ikusirik izan dute elkarrekin abiatzen asmatu izan duten erakunde guztiek, Jaurlaritzak, Aldundiek, tokian tokikoek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta bestek. Pedro Miguel Etxenikek berak taula gainean aitortu bezala: “ezin gero pentsatu ere 1980an (1), berrogeita bost urte geroago maila honetara iritsiko ginenik!”

Hiru.  Aipagarri, hirugarrenik, Etxenikek 800 zientzialari, ikerlari eta teknikariren aurrean egindako euskararen defentsa sutsua. Seguru gero ez garela “Goliat”, baina euskara, Donostia International Physics Centerra bezalaxe, nazioartekoa da, nazioarteko eragile bat gehiago, denok osatzen dugun nazioartekotasunean, hain zuzen. Guztiok defenditu beharreko nazioartekotasuna, gu geu tarteko. Beti ere garrantzitsua baldin bada jendaurrean euskararen defentsa egitea, are gehiago noiz, non eta nork egiten duen.

---ooOoo---

1) 1980 urteko hasieran, Carlos Garaikoetxea lehendakariak gerra osteko lehen Eusko Jaurlaritza osatzeari ekin ziola,  Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan lanean ziharduen fisikari nafarra hautatu zuen lehen Hezkuntza sailburu izateko. Artean ni Deia egunkariaren kultura-kazetari nintzen eta zuzendariak Bartzelonara bidali ninduen Etxenike izeneko ikerlaria elkarrizketatzeko. 29 urte besterik ez zituen, eta laboratorioan hartu ninduen bata eta txokolo zuriak jantzita. 

---ooOoo---

DIPCk 25 urteko ibilbidea ospatu du Donostia. Berria.

DIPC: un cuarto de siglo a la vanguardia de la física. El Diario Vasco.

Pradales remarca en Donostia... Noticias de Gipuzkoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: