Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iparraldeko talaiatik

Iparraldeko talaiatik

Amatiño 2025/09/09 21:15
Joseba Aurkenerenaren “Euskal izarra beti pizturik” liburua ez da udal-liburutegian maileguz jaso eta egunero, loak hartu aurretik, hainbat orrialde irakurri eta bi astebeteren buruan berriro itzultzen den horietakoa, norberak erosi, lantzean behin atalka irakurri, eta urtetan indarrean iraun dezaketenetakoa baino.

Laurehun orrialdetan hirurogeiren bat gai desberdin laburbiltzen ditu, ehunen bat ataletan banatuak, laurehun inguru argazkiz osatua. Liburuak gogorarazten du Juan San Martinek 1970ean argitara emandako "Goiburuz" alea (1),  gaiz zein geografiaz Joseba Aurkenerenarena nabarmen anitzagoa suertatzen bada ere, ez baita alferrik ia mende erdi joan.

Ez dago gero Urruñan bizi den donostiar honen kontakizun-sorta gaiburu bakarraz aditzera ematerik. Nonbait, hainbat liburuz, artikuluz, ipuinez, olerkiz eta kazetari-lanez, nolabaiteko “mundu magiko-etnografikoa” eraikidu historia lizentziadunak, eta “Euskal izarra beti pizturik” bildumak irakurleak nekez itxaro ditzakeen gaiak atxikitzen ditu.

Pastoralak, maskaradak, ihauteriak, olentzeroak, kaskaroteak, Gaintxurizketako Sorgina, gau beltzak, makila gorriak eta gainerako mitoak, bai, jakina. Baita ere, nolaz ez, animaliak euskal irainetan eta bizitza nahiz heriotza atsotitz zaharretan. Ezin ahaztu, behar bada, meza-liburu zaharrak, Sokorriko Ama, lauburuaren nondik norakoa, Euskal Herriko Mus Txapelketa edo Baionako gaskoiak.  Baina ez dira, horratik, hain ohiko eta ezagunak ez diren Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak edo Titanic itsasontziaren naufragioan ondoratu ziren euskal jatorrikoen izen-deiturak. Aipagarri ere,  Francisque-Michel euskalari frantsesaren atsotizak eta Ipar Ameriketako jatorrizko herrien erramoldeak eta guantxeen kontuak.

Dena ez da gero mitoa eta usaia, izen propiorik ere bada, hezur-haragizkoak zein literarioak. Julien Vinson, Pierre Loti, Pierre Lhande, Inesa Gaxen, Altzateko jauna, Mark Legasse, Simone Weil edo Xanpun “klasikoak” ez dira falta. Ez eta ere hain klasikoak iruditzen ez zaizkigun  Arantxa Leizagoien, Jean Ameztoy, Yolanda Donis,  Jakes Ahamemdaburu, Luis Amadoz,  Madalena Moujan Otaño,  Daniela Albizu edo Beñat Kastorene. Mundu bat.

Euskal mundua, Tuteratik Argentina eta Nevadaraino, Altzürukün barrena. Eta iruzkin honetan hogeita hamarren bat gai baino ez ditugu aipatu, erdiak inguru baino ez alegia. Liburuak badu, beraz, zor eta lor, zer eskaini eta zer irakurri.

Guztia Iparraldeko lurrina darion euskara jator, xume, gozo eta berriketa gabekoaz. Hegoaldean dagoeneko galdu dugun lirismo-puntuaz: “Euskal izarra beti pizturik”.

1) Gero etorriko ziren ildo bereko “Bidez “ eta “Landuz”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: