Miguel Ángel Blanco
Taxuz eta zentzuz, ganorazko dokumentalak behar dituen osagai guztiak biltzen ditu 95 minutuko ekoizpenak: datu zehatzak, lekukoen zentzuzko iritziak (2), testuingurua ulertarazteko azalpenak, artxibo-irudiak eta orain arte ezagunak ez ziren zenbait informazio berri. Baina, aldi berean, thrillerra da, nahiz ekinera beretik zelan amaituko den jakinekoa izan. Harako suspensea ez datza zer gertatuko ote denaren espektatiban, etenik gabeko erritmo bizkorrean eta inoiz aria galtzen ez duen tentsioan baizik. Eta guztia balio erantsi batez: istorioa ez dela asmakizuna, egia dela, gertatu egin zela eta, hain zuzen ere, ez guregandik urruti.
Jakitzea soilik, azpiegitura eraile hark Ibon Muñoa (3) Eibarko HBren zinegotzia izan zuela ardatz eta operazioa bertatik bertara bideratu zuena mahaikide izan genuela (4) udalbatzak baiketaz zein hilketaz hartu beharreko erabakietan…
Sumatzea soilik, ETAk benetan uste lezakeela Estatuak txantaia onartuko zukeela... Mikrofono aurreko hainbat lekukoren iritzien zentzua laburbiltzekotan, sistemak balio izango balu, orduan, hurrengoan, “zergatik ez Euskal Herriaren independentzia eskatu…?”
Jakin ahal izatea, orain, egun bi haietan, Maria Jose Gurrutxaga abokatu donostiarra, Jean-Pierre Chevènement Frantziako Barne Arazoetako Ministroaren baimenaz, Parisko La Santé espetxean bildu zela José Luis Ávarez “Txelis” eta Kepa Pikabearekin zerbait egin ote zitekeen aztertzeko. Arrazoi berberaz, Patxi Zabaleta, HBren parlamentari nafarra, Baigorrin elkartu zela Jose Manuel Pagoaga "Peixoto"rekin edo, Xabier Arzalluz EAJren EBBko lehendakariak Gorka Agirre bidali zuela bestaldera egin zitzakeenak egitera, eta, hala ere, “erakundea” (5) ez zela gauza izan erailketa saihesteko nahiz une hartan Nanclaresen espetxeratuak ziren ETAko guztiak (6), arrazoi batez zein bestez, bahiketaren eta exekuzioaren kontra egon. Baina ez zen posible izan, ibilgailuak, baserriak eta bide-bazterrak miatu eta telefono-kabina guztiak kontrolpean jarri baziren ere. Miguel Angelen gorpuaren aurrean, Imanol Rodriguez Ertzaintzaren Operazio-buru ohiak ahopeka esan bezala: “Barka, ez garelako gauza izan zure heriotza ekiditeko”.
Maria del Mar Blanco Miguel Ángelen arrebaren ustez, nebak ontzat joko zukeen txantaiari ez amorerik ematea, Eta bion amaren hitzetan: “Nire semearen heriotzak balio izango badu ETAkoarenak amaitzeko, ongietorria izan dadila” (7).
Frogatutzat jo da Javier Garcia Gaztelu "Txapote", Irantzu Gallastegi "Amaia" eta Jose Luis Geresta "Oker" izan zirela baitzaileak eta hiruron artean hil zutela bi tiroz buruan, Lasarte inguruan (8). Dokumentalak ez du ordea argitzen, zelan lortu ote zuen Irantzu Gallastegik Ardantzako tren-geltokiaren (9) atarian azaldu zen Miguel Ángel, inguruan aparkaturik zegoen autoraino (10) eramatea. Elkarrizketetan zehar haren arrebak ez du ulertzen (11) nola bahiketa gerta zitekeen Eibarko erdi-erdian eta inoiz ere jenderik eta trafikorik falta ez den kale-inguruan.
Miguel Ángelen hilketak sekulako, ordu arte inoiz ez bezalako, bat-bateko eta esku beteko erantzuna eragin zuen. Hogeita hamabost urte geroago, Espainiako 18-35 urteko gazteen %60k ez daki nor izan zen Miguel Ángel Blanco. Unibertsitarien artean %40 omen dira ez dakitenak. Dokumentalaren helburuetako bat da kopuru horiek hobetzea. Inori meriturik ukatzeke, galdera litzateke ordainezko plataforma ote den horretarako biderik emankorrena. Baina hau beste kontu bat da.
---ooOoo---
2) Salbuespen gisa, Francisco Vazquez Goardia Zibileko Teniente-Koronelaren zenbait kalifikatibo profesionalagoak izan zitezkeen (Marcial Piriz Polizia Nazionaleko komisario ohiarenak diren bezalaxe, nahiz funtsean gogorragoak izan), baina ekoizleek beren-beregi azpimarratu nahi izan dituzte,
3) Berak egin zuen biktimaren jarraipena, eta berak hartu zituen bere etxean hiru baitzaileak. Era berean, poliziak gerora ikertu zuen Ibonek egiten zituela, bere lantegiko trokelaz, ETAk erabili ohi zituen autoen matrikulak, eta Bidebarrieta kaleko haritik tiraka jakin ahal izan zen gainerako guztia.
4) Ni ere zinegotzi nintzen garai hartan.
5) ETAk bere buruari "erakunde" zeritzan, zilegitasun eta normalizazio-kutsua eman ahal izateko.
6) Benito Agirre, Nanclaresko espetxearen zuzendari ohiaren lekukotza.
7) ETArenak iraun zuen beste hamabost urte, zeinetan talde armatuak 67 lagun gehiago erail zituen. "Erakundeko" inork ez du oraindik esan, barrena mende erdi luzez okerreko bidetik aritu zirenik.
8) Tirokatzailea "Txapote" izan zen. Piriz komisario ohiaren azalpenen arabera, beste biek zalantzak izan omen zituzten azken unean, baina hark aurrera jo zuen, "erakundearen" aginduak beti bete behar zirelakoan.
9) Ermutik Eibarrera egunero egin izaten zuen joan-etorria.
10) “Txapote” eta Geresta bertan zain zeudelarik.
11) Edozein eibartarrek bezala.

- Bat-bateko eta esku beteko herri-erantzuna

