Mekanikak xarma galdu du
Egungo gizartearen paradoxa. Ez gara, nonbait, geure burua zaintzeko gai, baina larrialdirik izanez gero berehala abisatzeko tramankuluz inguratzeko gauza gara. Idi parea gurdi atzean jarriko bagenu bezala.
Ez da diru-kontua --zeramaten azken belaunaldiko telefonoa neguko lau pneumatiko berri baino garestiago baita--, ezpabere irizpide-kontua. Gure zaharrak ez bezala, gehiago fidatzen gara sistema digital berriez, joan zen mendeko fisikaz baino. Digitalizazio arin eta lasterrak badu, antza, mekanika astun eta geldoak galdu duen xarma.
Beldur gara, gainera, arazoak ez duela honezkero konponbiderik izango. Hain zuzen ere, seguru badela norbait, istripuaren berri jakiterakoan pentsatu duena, gurpilak ez zaizkiola zoruari behar beste atxiki, baina telefonoak, ostera, 20 segundo besterik ez duela behar izan larrialditara deitzeko eta autoaren koordenadak ziztu bizian jakinarazteko. Gainera, autoa zakarretarako baino ez da geratu, eta telefonoa, aldiz, osorik atera. Alde nabaria, gero.
Tamalez, ordea, lau neska-mutil madrildarrek ez dute azken belaunaldiko telefonoz etxera deitzerik izango.