Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Maspalomas: armairu handia

Maspalomas: armairu handia

Amatiño 2025/10/02 08:00
Filma indartsu hasten da. Ez da ohikoa harreman homosexual zehatzak ikustea eta are gutxiago hirugarren adinekoen artean. Sarrera hain grafikoa da ezen, ez duela girotan sartzeko azalpenik behar. Behatu, ulertu eta, ondoren, filmaren izenburua: "Maspalomas".
Maspalomas: armairu handia

Zilarrezko Maskorra interpretaziorik onenari (4)

Matazaren hariak ditu 15 urte inguru, noiz Vicentek (Jose Ramon Soroiz), emaztea eta alaba utzita, etxetik alde egin zuen, bere senitarte eta lagunartean homosexuala zela ez adierazteko. Orduandik Kanarietako Maspalomasen bizi da, bera bezalakoen giro berean, lasai, alai, batere konpromisorik gabeko hedonismo nabariaz eta cruising ageriaz... bihotzekoak eman eta esnatu arte Donostiako zahar-etxean, non ez duen bere sexualitate-joeraz txintik esango.

Donostia ez da Maspalomas eta are gutxiago zahar-etxea. Armairutik irten zena berriro barruan da preso, gatigu, goibel, betilun, zahar-etxeko arau hertsietan zein bere barne-estuasun larrietan. Zenbaitetan asper-asper eginda eta beste hainbatetan lur jota, ausnarrean, bere buruarekin haserre eta bere buruarekin zer egin asmatu ezinda.

Baina, bere gelakide baikorra (Kandido Uranga), alaba kontu-hartzailea (Nagore Aranburu), “Argi” txakurra eta ezustean ezagutzen duen biloba tarteko, ausartu ere ausartuko da erraiak jaten dizkion “gauza” aitortzera, “desioa ez baita urteekin amaitzen” eta zorioneko Maspalomas ez da-eta, azken batean, beste armairu bat baino. “Armairu handia” bai, baina armairua.

Duintasuna aldarri, eraz eta moldez, Jose Mari Goenaga (1) eta Aitor Arregiren filma guztiz sinesgarriak ez du aitzakiarik, baina Jose Ramon Soroizen (2) lana erabatekoa da. Sasoi bateko “Joselontxo” (3) zenaren umoreak frogatu ere errotik frogatzen dizkigu haren dramatizazio-ahalmenak, artista da benetan bere barne-gatazka emozional nahiz sentikorrak adierazten, bizi eta jasaten duen bakardade tragikoa oso hitz urrirekin nabarmenarazten.

Filmak ez ditu, ordea, soilik azaltzen adinekoen sexu-premiak edota jorratzen, homosexualek gizartean dituzten eragozpenak euren izakera normaltsun osoz aitortzeko. Aldi berean –edo aldez aurretik— salatu ere salatzen ditu euskaldunon artean horren ohiko diren isiluneak, sentimenduak adierazteko lotsa, emozioei aurre egiteko ausardiarik eza, eta latzak iruditzen zaizkigun gaietatik ihes egiteko errazkeria.

---oo0oo---

1) Gidoia Jose Mari Goenagarena da, nahiz zuendaritza biena izan.

2) 1950eko hamarkadan jaiotako aktore-andanaren ezaugarrienetakoa, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Ramon Agirre eta Isidoro Fernandez, beste hainbatekin batera. 1940ko hamarkadakoak dira, berriz, Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola, Arantxa Gurmendi, Felipe Barandiaran, Zorion Egileor, Xabier Elorriaga eta ez asko gehiago.

3) Bi eta bat, 1991 (26 atal) eta 2012an (13 atal). Baita Joxe Antonio Arizkorreta sukaldariarenak ere (Jaun ta jabe, 1995-97, 43 atal) eta beste. 

4) Jose Ramon Soroizek irabazi du aurtengo Donostiako Zinemaldiko interpretaziorik onenaren saria, 'Maspalomas' filmean egindako lanagatik. Ex aequo izan da saria, Zhao Xiaohong-ekin ('Her heart beats in its cage' ) batera.

Maspalomas

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: