Martin Lopez de Isasi, XVI. mendeko enpresari “modernoa”
Martin Lopez Isasiren (2) jaiotzaren bosgarren mendeurrena dela eta, bi hitzaldi eratu ditu Ego Ibarra udal batzordeak, Isasitarren Markeskua jauregian (3) bertan. Hasteko, aurreko ostegunean, Gotzon Garmendia EHUko Finantza-Ekonomiako irakasleak gogorarazi zigun eibartarra izan zela euskal enpresari modernorik handiena, Espainiako erreinuko hiruzpalau garrantzitsuenetakoa eta erreferentzietako bat europar isurialdeko atlantikoan.
Zer ote XVI. mendean “enpresari modernoa” izatea? Modernitate garaiko joera berriek (feudalismoaren haustura, kapitalismoa, sekularizazioa, protestantismoa, estatu-nazioek…) erakarri zituzten aldaketa handien (ekonomiaz, politikaz, zientziaz edo teknologiaz) erronkei aurre egin eta erantzutea erabaki zutenak dira “enpresari modernoak”. Honela diegu, zerbait esate aldera, baina ez, egia esan, euren aurretik zeudekeenen jarduera eraberritu zutelako, sekula izandako lehen enpresariak izan zirelako baizik. Hau da, modernoak baino, aitzindariak.
Erabateko aldaketa sakon haiek ia belaunaldi bakarrean gertatu ziren, barreneko baldintzak ere aldi berean suertatu zirenez gero. Lehen eta behingoz, Ameriketara iritsiaz batera bideratu zirelako ezinbesteko joan-etorriak, merkatu berriak, demografiaren hazkuntza, bezeroak, nazioarteko kontsumoa, inprentaren garapena, ikatz minerala (ez egur-ikatza), errota-sareak, posta-zerbitzua, kanbio-letrak, aseguruak etab.
Mauka edo aukera-maukera hartan, Lopez Isasik lortu zuen Eibar inguruaren (ekoizpen-zentrua) eta Sevillaren (porturik nagusiena) artean, Ipar Europatik Ameriketarainoko ardatzean kokatzea: han-hemenka erosiz eta salduz, eskabidearen eta eskaintzaren arteko bitartekotza egiten, non-zer falta hango premiei erantzuten, euskal portuetan ontziolak eraikitzen eta ibaietan zehar, berriz, inoizko ola-sarerik zabalduena eragiten.
Guztiaren gainetik –edo azpitik—, sekulako mugimendu hark astindutako trafikoaren erreferentziazko garraiolari bihurtzen asmatu zuen. Esan nahi baita, Isasi ez zen askorik aritu, artez arte behintzat, burdingintzan, armagintzan edo balea-arrantzan (4), baina jarduera haien guztien garraiolari “seguru” izatea erdietsi zuen, modernitateak, besteak beste, piratak eta korsarioak ere erakarri baitzituen.
Aurreko astean Gotzon Garmendia ekonomialaria aritu bazen, gaztelaniaz, Martin Lopez Isasi enpresariaren modernitateaz, hurrengo ostegunean Javier Elorza Mintegi eta Jose Antonio Azpiazu historialariek elkarrekin hitz egingo dute, euskaraz, merkatari eibartarraren jatorriaz, ibilbideaz eta Eibarko eremuko ondareaz. Arratsaldeko 7etan. “Markeskuan”.
---ooOoo---
1) "Un mercader en el reino de Felipe II: el eibarrés Martín Lopez de Isasi".
2) Horra non bost urte egin nituen nik Isasi gaineko “Jose Antonio Gisasola“ ikastetxean, Martin Lopez Isasi merkatariaren Markeskuaneko dorretxetik ehun metro eskasera, eta inork ez zigun inoiz esan nor izan genituen ez bata eta ez bestea. Eta ez, gero, ikasturtero historiarik irakatsi-edo ez zigutelako.
3) Markeskua jauregia Martin Lopez Isasi eta Domenja Orbea senar-emazteek eraiki zuten 1593 urtean (ordurako markesak ziren). Emaztea bi urte geroago hil zen eta senarra ez zen beste bi gehiago baino bizi. Gaur egun Udako Euskal Unibertsitatearen egoitza da. Denean, beti, "Markeskua" moduan agertzen eta aipatzen da, sarrerako plaka ofizialean-edo izan ezik: Markeskoa
4) Finantza-jardueretan bai, ordea. Bere jardunbide ekonomikoaren lagungarri izan zitezkeen ekimen berriak finantzatzen lagundu zuen, berak dena egin beharrean, egitura, enpresa, tailer eta zerbitzu osagarriak sortaraziz inguruan.