Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Marrazoen artean igeri egin

Marrazoen artean igeri egin

Amatiño 2020/09/17 12:00
Lizarran, balaztarik gabe geratutako autobusak haur bi harrapatu eta hil dituela-eta… inork uste al du soluzioa autobusak kentzea denik?

Garazi Sánchez surf txapeldun getxotarrari irratiz entzun diot, Australiatik bueltan: “Edozein surflarik arrisku gehiago du trafiko-istripuz hiltzeko, tiburoien erasoz baino”. Guk, ostera, beldur gehiago diogu marrazoen uretan igeri egiteari, autoz ibiltzeari baino. Nahiz, iaz, euskal errepideetan soilik, ehun inguru izan zenduak eta tiburoien erasoz hildakoak, aldiz, bost baino ez, mundu guztian. Era berean, jakina da erreparo gehiago diogula hegazkinez bidaiatzeari, autoz ibiltzeari baino, auto-istripuz seko gelditzeko mentura, hegazkinez hiltzeko baino sei bider handiagoa izan arren.

Lan-sektoreen arabera ere, jende askok uste du arlorik arriskutsuena industria dela. Baina, gure inguruan, hildakorik gehienak, %40-edo, zerbitzu-sektorean gertatzen dira. Besterik iruditu arren, industria ez da eraikuntza baino arriskutsuagoa.

Industria barruan, oso arriskutsutzat jotzen dena kimika arloa da, zeinetan, Hego Euskal Herrian, 150 enpresa inguru dauden. Baina euren emaitzak miatuz gero, datuek adierazten digute, sektore kimikoan, mila langileko, zerbitzuen esparruan baino hiru bider lan-istripu gutxiago gertatu izaten dela eta bestelako industrian baino zortzi aldiz gutxiago.

Urtean zehar, mila lagunetik gora hiltzen dira, Estatu espainiarrean, trafiko-istripuz, lanean dihardutela hildakoak erdiak inguru baino ez diren artean. Datu larriak segurutik, baina ezer gutxi bere buruaz beste egiten duten 3.500 lagunekin alderatuz gero, edo sekula marrazorik ikusteke urtero itolarrian hiltzen diren 3.000 lagunekin erkatuz gero.

Beldurra zilegi da, baina ez adimentsua. Ezjakintasuna ulergarri da, baina ezin da ezjakina aditutzat jo. Marrazoak arriskutsuak dira, seguru. Hegazkinak ere bai, jakina. Baita Industria ere, noski, enpresa kimikoak tarteko. Baina kontuz, gero, demagogia egitearekin. Nahita edo nahiezta, tiburoiak, hegazkinak, industria eta kimika apokalipsiaren lau zalduntzat jotzen dituenak edo ez daki ezer, edo ez du ezer jakin nahi.

Lizarran, balaztarik gabe geratutako autobusak haur bi harrapatu eta hil dituela-eta… inork uste al du soluzioa autobusak kentzea denik?

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: