Oñatiarrak badaki Maltzagaren berri
Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak Batasunaren inguruko indar abertzaleen metaketaren alde nahi du nonbait apostu egin, eta Iñaki Galdosen jarraitzaile gipuzkoarrek, aldiz, Agirre lehendakariak indarrean jarri zuen abertzaletasun instituzionalaren alde.
Bitasun hau ez da berria euskal abertzaletasunaren historiaren baitan. Funtsean arazo berbera eztabaidatu zen Txibertan; antzerako Ajuriagerra eta Monzonen estrategien aurrean eta, nolabait, baita Lizarran ere.
Eta, geroztik, diferentziak murriztu ezezik areagotu egin dira. Hau da, Monzonek proposatu ohi zuen: “Abiatu gaitezen denok elkarrekin Maltzagaraino eta handik aurrera bakoitzak erabakiko du zein bide hartu”. Oraingo ezker abertzale ofizialak, ordea, hori baino gehiago nahi du, Maltzagaraino elkarrekin joateko zein bide hartu ere berak erabaki nahi baitu. Eta ziri hori ez diote Iñaki Galdosi sartuko, besteak beste oñatiarra delako.