Maitasuna txori errebeldea da
Prosper Mérimée idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua, “Carmen” da, segurutik, operarik ezagunenetakoa. 1875 urtean Parisen aurkeztu zenetik milaka bider jokatu izan da edozenbat bertsiotan, baina nobelagile frantsesaren oinarrizko hariari jarraituko badiogu, Carmen berak “Etxalarkoa” (2) dela aitortzen du, eta Don Jose kabo elizondoarrak Carmen euskalduna dela dio (3), kontakizuna gertatu arren Sevillako tabakaleran, non ijito eta kontrabandista-giroan elkar ezagutu duten.
Hasieran, Don Jose baztandarrak pozarren hartuko du Etxalarko emakume xarmanta, baita sutsu maitemindu ere, uniformea (4) utzi eta Carmenen taldearekin alde egingo. Carmenek ez du ordea nahi izango inork hegoak ebaki diezaizkion, Don Josek ez zuen antza, artean, Laboaren kantarik ezagutzen eta dena gaizki amaituko da,
Euskal habanera
Baina, konpositoreak berak gogoan izan ez bazuen ere, ez da hor amaitzen opera honen Euskal Herriarekiko lotura. Hain zuzen, opera-ariarik ezagunenetakoa L'amour est un oiseau rebelle izan arren, ez da hain ezaguna, Sebastian Iradier konpositore arabarraren El arreglito habaneran oinarritua dela, zinez plagio argia alegia.
Nonbait, Bizetek Kubako doinu herrikoia zelakoan bereganatu, moldatu eta erantsi zuen abestia operan barrena, baina han-hemenkako aurkezpenen ondotik egilea Iradier zela adierazi zitzaion heinean, kredito ofizialetan Lantziegoko semearen izena ezarri eta zehaztu zuen, zintzo asko edo hala beharrez.
Eskandaluzkoa
XIX. mendearen azkenean, Belle Époque, Parisko ikuskizun sektorean ezer gutxi izan arren eskandalagarria, Bizeten operak kritika zorrotzak jaso zituen, moralik eza, probokazioa eta lar sexuala zelakoan. Mende erdi geroago, lekutan geratu dira orduko moral, probokazio eta sexualitatea, baina ezin ere ukatu Metropolitanek berriki antzeztutako Carmenek baduela, oraindik ere, beste ezein operak ez duen aire sentsuala.
Hartara, ondo asko kantatzeaz gainera, Elîna Garança mezzosopranoaren taula gaineko imintzioek bestelako aukera erakargarririk ere eskaintzen dute. Lehen dohaina ezinbesteko baldintza dateke edozein operatan; bigarrena ez da, ordea, hain ohikoa opera-mundu formalean (5). Haatik, kantari letoniarrak badu zer esanik arlo batean zein bestean. Maitasuna txori errebeldea da.
---ooOoo---
1) Egun eta ordu berean baita Gasteizko Yelmo Boulevard zinemak ere.
4) Ez, antza, militarra, Guardia Zibila baino, oholtza gainean behintzat, trikornioak nabarmen salatzen duenez.
5) Lehen mailako opera-kantari izateak ez du esangura, nahitaez, maila bereko antzezlaria izan behar duenik. Jendaurreko ikuskizunetan dibarenak egiteko adina eta gorputza lagungarri bezain sinesgarri izan daitezke edo ez. Zer esanik ez amodio-kontu lilurakorrak tarteko badira.
