Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mahler Orchestraren maisutza, Sokoloven hipnosia eta Berliozen apoteosia

Mahler Orchestraren maisutza, Sokoloven hipnosia eta Berliozen apoteosia

Amatiño 2026/08/25 13:25
Datorren igandean amaituko da aurtengo 87. Donostiako Musika Hamabostaldia. Euskal Herrian urtero eratu ohi diren musika-ekitaldietarik azpimarragarrienetakoa. Batez beste, Senperetik Arantzazuraino, Donostian barrena, 90 saio programatu dira, 40.000 entzule ingururentzat.
Mahler Orchestraren maisutza,  Sokoloven hipnosia eta Berliozen apoteosia

Sokolov

Besteak beste, hiru kontzertu aukeratzekotan, Mahler Chamber Orchestra, Sokolov pianojotzailea eta Berliozen requiema.

Mahler Chamber Orchestrak frogatzen du, lehen eta behingoz, gai dela zalantzan jartzeko sarri asko musika sinfonikoaren jardueran ezinbestekotzat jo izaten diren oinarri bi: zenbat eta handiagoa hobe, eta, aukeran, komenigarriago publikoa pribatua baino.

Mahler Orchestrak erakusten du ordea, 50 laguneko orkestrak -- baldin musikariak benetan onak badira-- ez diola zorrik 90 kideren talde sinfoniko handiari. Eta, gainera, orkestra sinfonikoek, iraungo badute, publikoak izan behar dutela uste dutenen kontra, ekimen pribatuak baduela merkatuan lehiakor irauterik, kalitatatea, profesionaltasuna eta kudeaketa ona bermatuz gero.

Grigory Sokolov errusiarra bezain pianojotzaile ona izan behar da gero, Kursaaleko 350 metro karratuko taula gainean bakar-bakarrik paratzeko eta, batere agurrik gabe, piano jotzeari ekin eta 1800 ikusentzuleren barnemuinetan sartzeko. Sokolov etiketarik zorrotzenaz (1) jantzita atera ohi da astiro, esertzen da, jotzen du jo beharrekoa, eta alde egiten du ahorik irekitzeke. Zuzenean bizi beharreko hipnosia sortzen du lehenik, eta etengabeko txalo-zaparrada eragiten, gero. Berriro aterako da, beti astiro eta isilik, jaiotzez mutua balitz bezala. Berriro jo, berriro txalo, berriro sartu, berriro irten… txalo eta txalo. Inoiz sei-zazpi bider ere egin izan du joan-etorri berbera. Dakiena egiten du, imintziorik txikiena azaltzeke, bestelako atrezzorik gabe. Pianoa da benetako protagonista, Sokolov bera, ostera, atrezzo iluna baino ez (2).

Beste muturrean, Hector Berliozen “Hildakoen meza nagusia”, Kursaaleko 350 metro karratuko taula gutxitzat jo lezakeen “requiema”. Euskadiko Orkestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia eta Easo Abesbatza (300 lagun) elkarrekin, eta metalen lau orkestra, aretoko beste lau lekutan han-hemenka sakabanatuak. Turutak, tronpetak, tronboiak, tubak, tinbalak, bonboak… denak nola-hala jendarteko trantsitoetan. Baina ez gero pentsa Berlioz biziko balitz lekurik ezaz haserretuko litzatekeenik. Hain zuzen ere, horixe egin izan zuen berak 1837ko estrenaldian, Parisko Hôtel des Invalides eraikintzarrean 440 musikari bildu zituenean, ikusentzulegoak “Azken Judizioa”ren solemninate eta apoteosia bertatik bertara bizi zitzan!

---oo0oo---

1) Sokoloven antipodetan daude, esaterako, Yuja Wang eta Khatia Buniatishvili, lehen-lehen mailako pianojotzaileak, erabat tradizioaren kontra atera ohi direnak  minigonarik motzenaz edo eskoterik handienaz, musika klasikoari ere jendaurrean erakargarri azaltzeko ordua heldu zaiolakoan.

2) Barrenkoia, motza,  ez ditu giza-harremanak gustuko. Aszeta hutsa, musika besterik ez du gogoko. Eta zuzeneko musika soilik, grabazioak ez ditu-eta maite. Ez die hedabideei jaramonik egiten. Ez elkarrizketarik, ez argazkirik egiten, ez autograforik sinatzen. Funtzionario errusiar iluna izan zitekeen baldin... Mijasen biziko ez balitz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal