Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Made in Eibar

Made in Eibar

Amatiño 2017/03/05 13:30
Gasteizen bada ileapaindegia, Eibarren egindako “bizargile-besaulkia” duena. JASO markaduna, orain ehunen bat urte Daniel Acha zenak patente amerikarrez egindakoa. Eibarko industriaren urrezko garaien lekukoa.

Egungo gazte belaunaldiak ez dakien arren, duela mende erdi arte baino ez, edozenbat ziren Eibarren fabrikatzen ziren “produktu amaituak”. Alegia, berariazko izen edo marka komertzialez jendaurreko merkatu irekian salgai zeuden “made in Eibar” artikuluak.

Ez, soilik, eskopetak, pistolak, bizikletak, motorrak, josteko makinak edo damaskinatu ezagunak, baita orain zeharo ezezagun eta sinesgaitz suertatu daitezkeenak ere. Adibide gisa, memoria hutsez: telebistak, plantxak, organoak, grapagailuak, zulatzaileak, kortxo-kentzekoak, konpasak, auto-indargetzaileak, ponpak, konpresoreak, berogailuak, galdarak, bulego-altzariak, eskorgak, eskuilak, kateak, puzgailuak, katu mekanikoak, labanak, askak, pertxak, bitxiak, denetariko giltzak, maratilak eta abar luzea.

Eta abar luze horietakoa da, hain zuen, Gasteizko Zaramaga auzoko ileapaindegian dagoen “bizargile-besaulkia”, orain hamarretik hamarretan ilea mozteko baino erabiltzen ez den arren, eta ez bizarrik egiteko.

Ez da, horratik, bizirik eta beharrean diraun bakarra. Sarean barrena sartu besterik ez dago, tarteka-marteka aleren bat edo beste aurkitzeko. Aitor Buendia kazetari eibartarrak horietako bat aurkitu zuen, iaz, Kordoban.

Antigoaletan ere salgai daude han-hemenka. Daniel Acha – Jaso – Sillón barbero Interneten jarri baino ez dago, hainbat baldintza, egoera eta preziotan aurkitu ahal izateko. Besteak beste, 1920 urte ingurukoak omen dira, eta garestiena edo, 3.000 eurokoa.

Denak ere, segurutik sekula gehiago itzuliko ez den industria eibartarraren urrezko garaien lekukoak, dagoeneko ia-ia desagertu direnak. Jo bestela edozein denda, biltegi edo hipermerkatura eta galdetu “made-in-Eibar” produkturik ote duten. Eibar... zer?

Jaso3

 Gasteizko Zaramaga auzoko ileapaindegian dagoen "bizargile-besaulkia"

Jaso 1

Oinak jartzeko euskarria

Jaso2

Luistxo
Luistxo dio:
2018/09/06 10:51
Gaur egun Jaso Group delako bat dago Goierri aldean. Eta haren logoa, JASO letrak, aulki hauetako oinetako berdin-berdina da. Baina ez dut inon lotura historikorik aurkitzen. Jaso Taldeak dio Itsasondo sortu zirela 1965ean... eta Daniel Acha delakoaren edo enpresa honen eboluzioaz ere ez dut inon ezer aurkitu. Zein ote industria bi hauen arteko lotura?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: