Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lurraldeen lehiakortasunak estrategia berriak behar

Lurraldeen lehiakortasunak estrategia berriak behar

Amatiño 2026/02/12 08:20
Euskadi eta Flandriako gobernuen eraginez, Bilbon eratu berri da II. Leaders Meeting - Fit for the Future (1) ekitaldia, non egun bitan zehar elkartu diren Europako hamalau lurralde (2) industriaturen ordezkari politikoak eta berrogei inguru kluster.

Helburua, besteak beste, lehen eta behingoz zera izan da: elkarren arteko lankidetza eta Europaren autonomia estrategikoa indartzea, eraberrikuntzaz, zientziaz, teknologiaz eta industriaz

Nazioen eta klusterren arteko estrategia ez da berria, ez behintzat 1990 urtean Michael Porter ekonomialariak The Competitive Advantage of Nations argitaratu zuenetik eta sektorean ospetsu egin zen “diamante" eredua proposatu. Garai hartan ezohiko kontzeptu berriak erakarri zituen eta sekulako aldaketak plazaratu. Alegia, lehiakortasuna ez dela gertatzen gizabanakoen eta enpresen artean soilik, baita nazioen eta lurraldeen artean ere, “berrikuntza nabarmenago burutzen delakoan pertsonen arteko sare indartsuagoak dituzten komunitateetan”.

Teoriatik praktikara, 1990eko hamarkadan zehar klusterren garapena gobernu askoren politika ekonomikoaren ardatz bilakatu zen eta klusterrak herrialderik garatuenetan hedatu, Gurean, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua kasu eta euren ardurapean sortutako klusterrak lekuko. Gaur egun 16 kluster daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta 9 Nafarroako Foru Komunitatean.

Hiru hamarraldi joan dira Michael Porter irakaslearen lehen euskal jarraitzaileak abian jarri zirenetik. Inor ez da damu eta inork ez ditu ondorio onak zalantzan jartzen. Baina klusterren zikloak –industriarenak bezalaxe— ez dira alferrik pasatzen eta bada uste duenik 1990eko hamarkadako ereduak ez ote duen berrialdiren bat edo beste merezi eta behar. Hemen ez ezik, baita Europa guztian zehar ere.

Bilboko Adierazpena

Leaders Meeting Fit For The Future goi-bileraren bigarren edizioari amaiera emateko, ‘Bilboko Adierazpena’ sinatu da, hots, industria-lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta teknologia estrategikoen arloko jarrera politikoaz zein jarduera estrategikoaz.

Parte hartu duten 14 industria-lurraldeek balio-kate estrategiko nagusietan (teknologia garbi eta digitalekin hasi eta bioteknologiarekin eta bizitzaren zientziekin amaitzeraino) betetzen duten funtsezko zeregina aldarrikatu dute.

Europako lurraldeen, estatu kideen eta erakundeen arteko aliantza berriturako deia egin dute, horrela baino lortuko ez delakoan Europa arin eta erabakitzailea, benetako autonomia politikoa izango duena.

---ooOoo---

1) “Etorkizunerako gertu dauden liderren” bigarren bilera. Lehena 2024ean izan zen, Flandriako Anberesen .

2) Auvernia–Rodano-Alpeak, Baden-Würtemberg, Emilia-Romagna. Euskadi, Flandria, Ekialde Handia, Frantzia Garaia, Katalunia, Lombardia, Nafarroa, Sajonia, Valonia eta West Pomerania. 

Padrales eta Flandriako Matthias Dienpendaele
Matthias Dienpendaele eta Imanol Pradales, Flandriako eta Euskadiko lehendakariak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal