Loreak moztu osteko usaina
“Amador” (Fernando León de Aranoa, 2010) ez da segurutik aurtengo filmik bizkorrena --geldoa da geldorik bada-- eta Magaly Solier (Marcela) ez da inondik ere aktoresarik distiratusuena eta adierazkorrena, baina baditu hiruzpalau bitxilore (nabarmena loreen protagonismoa) ia bi orduko jarrialdia justifikatzeko lain.
Bakardadea ulertarazteko modu asko dago, bai, baina Marcelak esaldi bakarraz laburbiltzen duena ez da gero arruntenetakoa: Elkartzen zara zure bikotea izango denarekin bakarrik ez sentitzeko eta… bakarrik sentitzen jarraitzen duzu. Hain zuzen ere, gainditezinezko bakardade horrek eramango du Marcela haurdun dagoenik ez esatera eta ohean gaixorik datzan Amador agurea zaintzera.
Puta-lanbidea adierazteko era asko dago, bai, baina Fanny de Castro aktoresa zaharkituak eskaintzen dituen pasarteak eta hausnarketak irriparra sortarazteko bestekoak dira. Izan ere, zergatik da duinago zortzi orduz agure zaharra hogei euroren truke zaintzea eta komunekoak egiten laguntzea, ordubete eskaseko sexu-laguntza hogeita hamarrean eskaintzea baino?
Ezkutuko ekonomia beltza azaltzeko adibide asko dago, bai, baina aterabiderik gabeko istorioaren amaiera ebazteko gidoigileak ziztuan hausten duen korapiloak baditu bereak eta bi.
Patxadaz ikusi beharreko filma. Ipurdiko minaren ondotik etorriko da-eta saritxoa, loreei moztu osteko usaina darien bezalaxe.
Marcela eta Amador