Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lobbyak

Lobbyak

Amatiño 2025/05/28 10:15
Alfonso de Otazu eta José Ramón Díaz de Durana historialariek jasotzen dutenez (“El espíritu emprendedor de los vascos”. Madril, 1988), 1950eko hamarkadan Kolonbiako gobernuak txostena burutu zuen aztertzeko, Kolonbian bertan zein neurritan suspertu ote zitekeen nolabaiteko garapen ekonomikoa.

Besteak beste, ikerketak adierazi zuen enpresa eta enpresari kolonbiarrik gehienak Medellin hiriaren inguruan zeudela kokatuak. Inori ez zitzaion harrigarri iruditu, gauza jakina baitzen, espainiar kolonizazioaren garaietan judu familia asko bertaratu zirela Inkisizioarengandik ihesi. Harridura sortu zen, ordea, enpresari haien jatorria sakonago miatu ondoren azaldu zenean, ez zirela juduak, euskaldunak baizik.

Otazu eta Díaz de Durana historialarien azterketen arabera, euskaldunei leporatzen zitzaien zorioneko ekimen bizkorra lau baldintza-motatan oinarritzen zen: geografikoak, linguistikoak, sozialak eta historikoak.

Geografikoak, batetik, euskaldunak itsas eta meatzari-tradizioa zituen herrialdekoak zirelako jatorriz; linguistikoak, bestetik, euskara lotunetzat zutelako familian, lagunartean zein euren arteko harreman komertzial partikularretan.

Baldintza sozialak, berriz, denek ere aitoren seme edo kaparetzat zutelako euren burua –penintsulako beste herrietatik heldutakoek ez bezala--, nahiz gero batere lotsarik gabe edozertan lan egiteko gertu egon. Eta, gainera, beste herrialdeetakoak baino alfabetatuagoak zirenez gero, errazago eta sarriago iristen zirelako enplegu publikoetan lan egitera.

Baldintza historikoak, azkenik, XVI. eta XVII. mendeetan, Euskal Herrian eskulan sobera zen garaian suertatu zelako Ameriketako aurkikuntza eta juduen Espainiatik kanporatzea. Orain ulergaitz gertatu arren, orduko aurreiritziak tarteko, gaztelarrek juduek utzitako lanpostuak arbuiatu zituzten eta euskaldunek aukera hura baliatu zuten, berdin zitzaien-eta nabigatu, trafikatu, merkataritzan jardun, zerbitzari aritu, gerran parte hartu zein gortean sartu, tartean dirua zen bitartean.

Zer gerta ere, lau baldintza haiek betetzen asmatu zuten heinean, euskaldunek indarrean jarri zuten nolabaiteko lobbya, beti ere aurrenik elkarri lagunduz, elkarren arteko lanbideak eta merkatu-aferak lehenetsiz, eta euskara bera ere armatzat erabiliz. Nonbait, Potosiko meategietan izan ziren istiluetan, euskaldunek espantu handirik gabe erabili ohi zuten leloa zera omen zen: “euskaraz erantzuten ez duena, garbitu!”. Baita euren artean ezkutuko zeinua erabili ere. Alegia, galdera behar zuen izan “andrea“ eta, fidagarri gertatzeko, “gizona” erantzun.

Mundu hartan denak balio zuen, nonbait, nahiz azpijanak, azpijokoak, ahopeko eskariak edo ezkutuko mesedeak izan. Giro haren lekuko da, esaterako, Katalina Erauso (Donostia, 1585 – Mexiko 1650) “moja alfereza” zena, zeinek, ezustean, lortu zuen epaileak zigor gisa jarri zion hamar urteko desterrutik libratzea. Eta nola lortu ote zuen galdetu ziotenean, hitzez hitz erantzun omen zuen: “no sabré decir cómo, pero agenciando paisanos”. Hau da, euskal komunitate-kideei laguntza eskatzen, han-hemenka eragin beharrekoak eragin zitzaten.

Hirurehun urte geroago, XIX. mendeko Industria Iraultzaren garaian euskaldunek frogatu genuen oso onak ginela ekoizpen-arloan, nahiz, behar bada, merkataritzan arlote samarrak izan. Baina ezin esan, ordea, XVI. eta XVII. mendeetan barrena euskaldunok merkatari petralak izan ginenik, besteak beste euskal lobbyak ere sortzeko eta abian jartzeko gauza izan ginen-eta.

Jakinekoa denez, geroztik “lobby” hitzak sona txarra izan du gure artean. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, mundu anglosaxoian. Orain dela berrogei urte, Washingtongo Kapitolioan kongresista demokrata bat elkarrizketatzeko aukera izan nuen, Estatu Batuetako parlamentu-jokoaz bertatik bertara jakitzeko. Elkarrizketan zehar, nire galderengatik sumatu zuen, antza, nik muturra okertzen nuela berak “lobby” hitza normaltasun osoz aipatzen zuen bakoitzean, eta halakoren batean, zera esan zidan, bekozko ilun samarrez: “Barkatu, orain ni naiz galdetu nahi duena. Demagun lobby-sistema ez dela onena edo aproposena baina, orduan, nola konpontzen zarete zuek lobbyrik gabe?”

Geroztik, Europar Batasunak arautua du lobby-sistema (Liburu Berdea: Gardentasunaren aldeko ekimen europarra, 2006), baina ez ordea, oraindik, Espainiak. Denetariko “influencers” jositako gizarte honetan politikagintza bere kasa ari da, lobbyak deabru buztandun eta adardunak bezain ustelak, maltzurrak eta fidagaitzak balira bezala.

Ezin ordea ahaztu, legezko lobbyen bete beharreko lehen mandatua zera dela: “ez egin ezkutuan, begi-bistan egiterik ez legokeena”. Lobbyrik ezak betetzen ez duen lehen xedapena, hain zuzen ere.

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: