Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bizkairik ezezagunenetakoa

Bizkairik ezezagunenetakoa

Amatiño 2024/07/09 22:30
Iazko uztailaren 1ean hasi zen Bilbon Frantziako Tourraren 110. Ekitaldia. Grand Depart Pays Basque 2023 delakoa Bilbotik irten eta Bizkaian zehar egin zituen lehen bi etapak.

LekeitioHura guztia telebistaz ikusi ahal izan zen eta, besteak beste, balio izan zuen hainbat euskal hiritarrek (makinatxo bat bizkaitar  tarteko) Bizkaia zein polita den deskubritu zezaten.

Bizkaiak ikaragarri bazter zatar, jendetsu eta alferrik galdu asko ditu. Baina baita, aldi berean, azken urteotan ezer gutxi aldatu direnak ere, euren jatorrizko xarma gorde izan dutenak.

Kontua da, jenderik gehienak Kantabria, Gasteiz edo Donostiatik Bilborainoko autobideen inguruko Bizkaia baino ez duela ezagutzen. Baina bada beste Bizkai bat.

Bat aukeratzekotan, baina ez horratik bakarra, Ondarroatik Ibarrangelurainoko itsasaldea da, agian, nabarmenenetakoa. Esango nuke giputzerriaren eragina Ondarroan amaitzen dela eta Bilbo Handiaren presioa, berriz, ez doala Busturialdea baino harago. Indar bi horien arteko sokatiran dago, noraezean, Bizkairik ezezagunenetakoa.

Segurutik lehorrean izango da joanetorri gutxiagoko kaminorik, baina, aukeran, Ondarroatik Elantxoberainoko  30-35 kmko pasartea da, euskal kosta guztian  politenetakoa izateaz gainera, Baionatik Muskizeraino trafikorik urrien duen ingurua,

Argazkia atzo arratsaldekoa da. Txirrindularien paradisu ainubea eukaliptoen artean, eta urzale ezkutuen habia egutera, pinudipeetako itsaslabarretan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: