Lehengo eta oraingo eibartarrak
"Eta Kitto..." aldizkariak argitaratu ohi dituen datuen arabera, Eibarren 300 inguru lagun hiltzen dira urtean zehar eta 180 edo, jaio. Honi deitzen zaio, euskaraz behinik behin, maldan behera.
Batzuon eta besteon izenei jaramonik eginez gero, hildakoen artean izen konposatuak (Jose Luis, Mari Carmen…) %20 baino gehiago dira eta jaioberrien artean, ordea, ezta bat bera ere.
Izenen jatorriaz, hildakoen artean %2 baino ez dira euskaraz, ama birjina izenak gehien-gehientsuenak. Gainerako guztiak, ostera, gaztelaniaz. Jaioberrien izenei dagokienez, berriz, bi heren euskaraz dira, eta bat ere ez gero ezelango ama birjinarenik.
Betiko joandakoen artean, azkenik, ez zen atzerritarrik. Eta mundura etorri berri direnen artean, berriz, %15 baino gehiagoren izen-abizenak afrikarrak dira, arabiarrak edo, gehienbat.