Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lee Miller, Hitlerren bainuontzian

Lee Miller, Hitlerren bainuontzian

Amatiño 2025/04/26 12:35
Lee Millerren historia behin gertatzen diren horietakoa da. Aurreneko aldiz entzunez gero nekez sinesten direnetakoa. Baina egia da. Eta harrigarri bada ere, filma ez da egin kontakizun interesgarria zelako, baizik eta norbait jabetu zelako Kate Winslet eta Lee Miller elkarren antz handia dutela.

Istorioren batek kontatuko balu New Yorkeko Vogue aldizkariaren moda-modelo xarmant bezain hedonista fotokazetari ausart eta kementsua izaten bihurtu zela II. Mundu Gerran zehar; eta, gutxi iritzita-edo, amaitu zuela bainua hartzen... non eta Hitleren beraren Municheko apartamenduko bainuontzian… noiz eta nazien fürherrak bere buruaz beste Berlinen egin zuen egun berean... edonork pentsatuko luke neurri gabeko irudimenari amain ematea ondo dagoela, beti ere sinesgarritasunaren mugen barruan… Baina kontua da, ordea, ez dela asmakizuna, egia hutsa baizik, unean uneko argazkia lekuko.

Protagonista Lee Miller (1907-1977) Vogue aldizkariaren fotokazetari estatubatuarra eta argazkilaria, berriz, David Scherman (1916-1997) lankidea, Life aldizkariarena. Biak elkarren lagunak, lankideak eta maitaleak. Segurutik ia ezustean sartu ziren hutsik aurkitutako etxean, baina jakinekoa da argazkia “prestatu” egin zutela. Alegia, kazetari bikotea Dachauko konzentrazio-esparruan (13 km. Munichetik) egon berria zen, holokaustoaren lekuko argazki izugarriak atera eta euren erredakzioetara bidali ostean (1), Hitlerek ihesi utzitako  etxean sartu ziren lehenik eta bainugelan gero. Lee Millerrek errautsetan zikindutako botak kendu, bistan utzi, erantzi eta bainuontzian sartu zen, David Schermanek argazkia atera zezan, Hitlerren erretratoa atzekaldean jarri ostean.

Schermanen argazkia 1945ekoa da, baina ez zen 1977an Lee Miller hil arte ezagutu, erreinak, etxeko ganbaran miatzen ziharduela, 60.000 negatibo ezustean aurkitu zituenean. Millerrek ez omen zuen batere gogoko gerra-garaia gogoratzea, eta ulergarri da bilduma hura, inori esan gabe, gorde eta ahaztu nahi izatea. Ez da horren ulergarri, ordea, argazkia atera zuen David Scherman lankidearen isiltasuna.

"Lee Miller" biopicak merezi du ikustea. Txukun egina dago, zentzuzkoa da eta sinesgarritasuna dario (2). Kate Winslet (Lee Miller) ofizioaren jabe (3) da, pantaila betetzen du, modelo gisa nahiz kazetari bezala, eta hariak beti ere aurrera egiten du, batere eragozpen eta ezustekorik gabe, molderik egiunezkoenetan barrena. Hainbat kritikak lar feministatzat jo du filma, ez egungo balioen karietara, 1945ean normaltzat jotzen ziren irizpideen arabera baino.

Dena den, badira hainbat datu adierazgarri, filmak aipatzen ez dituena. Hots: Miller izan zen, aldi berean, bere garaiko modelorik arrakastatsuena, Man Ray (4) artista modernistaren musa (5), une hartan “XX. mendeko emakumerik ederrena”, emakumeen tanpoien iragarkiak aurrenengo egin zituena (6), II. Mundu Gerran kazetari gisa akreditatuak izan ziren lau emakumeetako bat, eta bere garaiko fotokazetaririk ezagunenetakoa.

 1) Lee Millerrek bidali izaten zituen argazkiak hain izugarriak ziren ezen, “Vogue” aldizkariak honako oharraz argitaratu ohi zituela, irakurleek zalantzan jarri ez zitzaten: “Believe it. Lee Miller cables from Germany”.

2) Zenbaiten ustez, ez omen da iristen Lee Millerrek mereziko zukeen mailara.

3) Protagonista ez ezik, baita filmaren berariazko bultzagile eta ekoizle ere.

4) Argazkilaria, margolaria eta zinemagilea, dadaismo eta surrealismoari ekarpen handiak egin zizkiona.

5) Besteak beste, Pablo Picasso, Paul Éluard, Jean Cocteau eta beste hainbat artistaren lagunartekoa.

6) Kontserbadoreek gupidarik gabe kritikatu zuten.

Lee Miller

.

Goian, ezkerraldean, Lee Miller "Vogue" aldizkariaren argazki-kazetaria, 1945ean, Adolf Hitlerren bainuontzian. Behean, eskuinaldean, Kate Winslet aktore ingelesa, Lee Millerrenak egiten, tankera bereko egoeran.

Lee Miller Kate Winslet

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: