Le faux Soir, lehen hackeo... analogikoa
Egunero kaleratzen den benetako egunkariaren kopia faltsua egiteak (2) isilpeko logistika landua eskatzen du. Zer esanik ez, operazio guztia gerra-garaian egin behar baldin bada, klandestinitatean, eta Belgika osoa okupatua zuten alemaniarren muturretan.(3)
Egunkari-truke hura ez zen teknikoa (4) soilik izan. Ezta nazien kontrolpeko albisteak eta edukiak erresistentziaren ikuspegiaren arabera aldatzea ere. Frontekoak (FI) hasiera beretik jabetu ziren ezer gutxi balio lezakeela egun bakar batez Belgikaren independentziaren aldeko egunkari aldarrikatzaile peto-petoa egin ahal izateak eta, gomutaz zein adorez gehiago eragin eta iraun lezakeen emaitza lortu gurarik, umore eta satiraren ildotik jo zuten. Funtsean, helburua ez zen izan albisteak zentsurarik gabe eta bertako herritarren ikuspegitik kontatzea, nazien okupazioa barregarri jartzea baino. Alegia, alemaniarrak isekatu eta adarra jotzeaz gainera, irakurle belgikarrari “hau ez da amaitu, eutsi goiari” adierazteko modu irakurterraza bezain baikorra.
Michaël Roskam zuzendariaren “Le faux Soir” filmak itxi (5) du Donostiako 74. Zinemaldia. Izenburu bereko Marie Istasen idazlanean oinarritua, hamaika aktorek (6) fikzionatutako sasi-dokumental antzeko film subjektiboa da, non, irribarrez eta suspensez, istorioa entretenigarri suertatzen den, nahiz, zer gerta ere, une oro ikusentzuleak jakin filma ondo amaituko dela, ezin bestean.
Ajerik handiena da, agian, zorioneko egunkari faltsua egiteko prozesu mekanikoari ematen zaion protagonismo handia. Orain 80 urteko teknologia tarteko, horrenbeste linotipia, esterotipia, konposizio, paper-bobina, tolesgailu, mozketa eta “flong” aipatu nahi izanak sektorekoak ez diren ikusentzuleak gogaitu ditzake.
Nabarmena, bestalde, filmaren atmosfera "bruselar" tipiko eta topikoa, beti ere lainoz estalitako zeru goibelaz, egun osoak ilunabarretan iraungo balu bezala. Horrez gainera, gerra-garaian, klandestinitate-giroan, ezkutuan, leihorik gabeko sotoetan, makinatzar eta tinta beltz artean... pelikula guztian zehar noiz norbaitek argia piztuko zain.
---ooOoo--
1) La Soir
2) Edukiak idatziko dituzten kazetariak bildu, ohiko hizki molde berdin-berdinak lortu, 50.000 ale besteko papera erosi, ezkutuko errotatiban argitaratu eta, azkenean, gezurretako alea, benetakoa irten aurretik, saltokietara helarazi.
3) Moldiztegia eta alemanen kuartela, aurrez aurre zirelarik.
4) Hedabideen historiako lehen hackeotzat jo ohi da. Churchill Erresuma Batuko lehen ministroak zoriondu zituen.
5) Mundu mailako estreinaldia, irailaren 26an izan zen, Torontoko Nazioarteko Zinemaldian, Europan, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan da estreinako, eta Belgikan bertan, berriz, urriaren 17an, Ganteko Zinemaldiaren azken egunean.
6) Zortzi-hamar lagunen arteko lan-taldean norbait azpimarratzekotan, Arieh Worthalter frantses belgikarra.
