Lar txinparta
Urliak 92 urte ditu eta, aurten ere, semerik nagusienaren laguntzaz, ehundaka botila txakolin bildu ahal izango ditu Muskizen. Txakolin zeharo arrunta, betikoa, apala, frutatsua, eguneroko arduraz eta maitasun punttuaz naturak berak eman ohi duena...
Iraileko uztaren ondotik gordeta izan du mahatsura, pare bat ontzi-aldaketa egin dizkio geroztik eta ondoko asteetan botilatan jarriko, Sanjuanak inguruan lehen basoerdiak dastatu ahal izateko. Urtero letxe hiruzpalau botila agindu dizkidanez gero, ni ere zain nauka, urbitsetan, noiz aurtengo lehena ahoratuko.
Urliaren txakolinak ez du gero txinpartarik izango. Ez du sekula izan eta are gutxiago orain. Eztabaidarik ez zen garaietan ez bazuen, nola izango du ba auzi-mauzi garaietan! Urliak ez du txakolina eragin eta puspilorik ikusi beharrik karboniko aztarrenik ote duen igartzeko, begiak itxita ere, sudurra sartu besterik ez du hartaz jabetzeko.
Haren ustez, txinpartadun txakolina lekuan lekukoa baino ez da. Giputzek lar txinparta omen dute. Eta ez txakolinetan soilik.
Puspilo bako txakolina